Albistea

Gasteizek mugikortasuneko biki digital bat sortuko du Europa mailako TWINVERSE proiektuari esker

Vitoria-Gasteiz Europako TWINVERSE proiektuan parte hartzeko hautatua izan da, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak aurkeztutako proposamen bati esker. Proiektuaren helburua adimen artifizialean oinarritutako biki digitalak sortzea da, neutraltasun klimatikorako trantsizioa garatzeko. Biki digitalak mundu errealaren irudikapenak dira, eta agertoki konplexuak simulatzeko eta, aplikatu aurretik, politiken eragina ebaluatzeko aukera ematen dute. CEAk 195.000 euro lortu ditu Arabako hiriburua karbonoan neutro bihurtzeko lagungarria izango den ekimen hau garatzeko.

CEAk aurkeztutako proposamenak ‘Mugikortasun jasangarri multimodala’ du izena, eta mugikortasunerako biki digitala sortzea planteatzen du, Gasteizko Udalaren Mugikortasun Plan berria garatzen laguntzeko.

CEAk udal mailako datuak emango ditu biki digitala elikatzeko, eta eredua aplikatzeko agertokiak proposatuko ditu, hala nola kaleetan abiadura aldatzea, emisio gutxiko eremuan aldaketak egitea, etab.

Hala, hiriak aukera izango du joan-etorrietarako ereduak modelizatzeko, emisioak murrizteko agertokiak ebaluatzeko, azpiegitura berrien edo mugikortasun jasangarriko politiken inpaktua aztertzeko eta mugikortasunaren plangintza optimizatzeko. Gasteizen parte-hartzeari esker, tresna horiek ingurune errealean balioztatu ahal izango dira, eta ezagutza erreplikagarria eman Europako beste hiri batzuei.

Proiektua energia, ingurumen, mugikortasun eta hiri-plangintzako datuak integratzeko gai diren biki digital hiritarrak hedatzea helburu duten Europako ekimenen barruan kokatzen da, eta bere xedea da neutraltasun klimatikorako erabakiak hartzen laguntzea.

TWINVERSE joan den maiatzaren 1ean hasi zen eta, guztira, 3 urteko iraupena izango du. Gasteizek Europako beste 4 hirirekin batera parte hartzen ari da (Milan, Italian; Cork, Irlandan; Kalamata, Grezian eta Lappeenranta, Finlandian). Horiek guztiek, Arabako hiriburuak bezala, klimaren aldetik neutroak diren Hiri adimendunen Europako Misioan parte hartzen dute. Proiektuak, gainera, beste 21 bazkide ditu.

Ekimen hau Europar Batasuneko HORIZON-MISS-2025-04-CIT-02 programak finantzatzen du, ‘Innovative, AI-based solutions for urban planning and management’ programaren barruan.

Interesa dakizuke