eues

Albistea

SmartEnCity proiektuko bero-hornikuntzaren fakturazioa banakakoa nahiz kolektiboa izan ahalko da, komunitateen atxikimendua sustatzeko

> SmartEnCity proiektuaren webgunea

Koroatzea

Erakundeek eta Koroatzearen auzoko taldeek eta bizilagunek hilabeteak daramatzate SmartEnCity proiektua lantzen, inguruneko pertsona ororen bizi-kalitatea hobetzea ahalbidetuko baitu. Irailaren 27an Visesak, Gasteizko Udalak, EEEk, Giroak eta auzoko bizilagunek oraingo egoera eta proiektuko berrikuntzak aurkeztu zituzten, baita informazioa auzoko guztiengana iristea helburu duen plan bat ere.

Hasteko, proiektuari zenbat komunitate atxiki zaizkion jakinarazi zuten. Esparruaren barruan dauden 108 komunitateetatik 3k adierazi dute atxikimendu irmoa. Bestetik, azken asteetan baieztatu da gizarte etxea ere sartuko dela bero-sarean; ekipamendu handia da hori, gutxi gorabehera ehun etxebizitzaren baliokidea. Komunitate askok zalantzak dituzte oraindik, eta ez dute bozkatu. Visesako proiektu-arduradunek diotenez, “ziur gaude denbora laburrean nabarmen handituko dela proiektuarekiko atxikimenduen kopurua”. Saltokiak eta beste ekipamendu batzuk ere atxikitzea espero da.

Bero-hornikuntzari dagokionez, berrikuntza garrantzitsuak egin dira. Azken hilabeteetan Koroatzeko auzokoek azaldutako eskaera eta beharrei erantzunez, atari bakoitzean hornikuntza fakturatzeko modua aukeran izatea proposatzen da: etxebizitza bakoitzeko edo komunitate osorako. Erabaki horrek agerian uzten du SmartEnCity proiektuak baduela malgutasunik eta moldatzeko gaitasunik, gauzatzea baita xedea. Neurri horren bidez atxikitzeko orduan komunitateek berme handiagoa izatea lortu nahi da.

Orain arte proposatutako ereduan, komunitateek kontratua sinatu behar zuten beroaz hornitzen zuen enpresarekin. Enpresak komunitateari fakturatuko lioke atariko etxebizitza guztien hileko kontsumoa, eta komunitatea arduratuko litzateke auzoko bakoitzari kontsumoak kobratzeaz. Sistema horrek errezelo handiak sortzen zizkien komunitate askori. Hori dela eta, hornikuntza kudeatuko duen enpresak eredua berraztertu du, eta zuzenean pertsona bakoitzari fakturatzeko aukera emango du, ur hotzaren edo elektrizitatearen hornikuntzan egiten den antzera.

Azkenik, komunikazioa areagotzeko plana aurkeztu da. Izan ere, 2017an plana zabaltzeko ahalegin handia egin arren —orotara 124 bilera komunitateekin eta zenbait jardunaldi ireki— mezua ez da auzoko bizilagun guztiengana iritsi. Honako ekintzak egingo dira komunikazioa areagotzeko planaren barruan:

  • Irailean, urrian eta azaroan informazio-bilerak egingo dira berriro komunitate guztiekin; dagoeneko egin dira batzuk.
  • Atez ateko informazioa. Talde batek etxez etxeko bisitak egingo ditu, bi helbururekin: batetik, orain arte harremanetan jartzerik izan ez den pertsonengana iristea; bestetik, orain arte erantzun ez diren zalantza eta eskabide pertsonalak argitzea.
  • Beste batzuetan oso emaitza onak lortu baitira, urrian informazio-jardunaldiak egingo dira berriro Aldabeko gizarte etxean, informazioa zabaldu eta atxikitzeari begira azken zalantzak argitzeko.

Udalak, proiektuan parte hartzen duten gainerako erakunde eta entitateekin batera, zenbait jarduera bideratu ditu helburuak lortzearren. Zehazki:

  • 2016ko urrian, informazio bulego bat zabaldu zuen Pintore kalean. Gaur gaurkoz, komunitateen % 85ek du eraikina birgaitzeko kostuaren banakako aurrekontuaren kalkulua.
  • Informazioa areagotzeko, informazio etxola bat instalatu da Kutxa kalean.
  • Hirigintza aldaketak. Koroatzeko Plan Berezia onetsi da, baita Plan Orokorraren aldakuntza ere, beroa sortzeko galdararen instalazioa (district heating), berokuntza-sarearen hedapena, fatxaden lerrokadura berriak eta abar ahalbidetzeko.
  • Proiektuaren baldintza ekonomikoak:
    • Finantzaketaren % 51, erakunde publikoen kargura izango da.
    • Zenbait finantza-erakunderekin hitzarmena egin da, maileguak oso baldintza onuragarrietan eskaintzeko, familia bakoitzaren ahalmen ekonomikoari egokituta.
    • 3 milioi euroko funtsa onartu da, 15.000 eurotik beherako errentak dituzten familiei diru-laguntzarik ez duten kostuen % 25etik 85era bitartean ordaintzen laguntzeko.
    • Zerga hobariak. OHZren % 25etik 50era bitarteko hobaria emateko proposamena egin da, hurrenez hurren B eta A energia-ziurtapena lortzen duten eraikinentzat.
    • EIOZren % 50etik 85era bitarteko hobaria emateko proposamena egin da, hurrenez hurren B eta A energia-ziurtapena lortzen duten eraikinentzat.
  • Neurri berria: energia-gastuetarako laguntza bikoiztea, esku-hartzeko esparruan baliabide gutxiago duten familiek energia-fakturak ordaintzerik izan dezaten, eta tartean dauden komunitateek ziurtasun handiagoa izan dezaten.
  • 21 Zabalguneak gizarte eta hirigintza alorreko azterlana egitea, Koroatzea eremu degradatutzat katalogatu dezaten, birgaitze eta hobetze proiektuetarako finantzazio eta laguntza publiko handiagoak lortzearren. Amaitu ondoren, eremua degradatutzat jotzeko eskabidea aurkeztuko dio Udalak Eusko Jaurlaritzari.
  • Hobekuntzak espazio publikoan: Udalak partaidetza-prozesua egin du auzokoekin, espazio publikoan lehentasunezko jarduerak zein diren zehaztu eta adosteko. Udalak 2 milioi euro jarriko ditu horretarako. Aldabe kalea oinezkoentzako bihurtzea eta Ziudadela zein Aldabe plazak hobetzea jo dira lehentasunezkotzat.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala