San Martinen lan egiten duten langileak bizikletara igo dira
Gasteizko Udalak, CEAren bidez, bizikleta elektrikoak maileguan hartzeko estazio automatizatu bat jarri zuen abian 2020an San Martingo udal eraikinean lan egiten duten pertsonentzat. Esperientzia pilotu horren xedea izan da lan eremuan mugikortasun aktiboa eta jasangarria sustatzea.
2020ko otsailetik urtea amaitu arte 2.800 km baino gehiago egin dira bizikletekin, eta horrela 350 kg CO2 isurtzea eragotzi da. Gaur egun, 52 pertsona daude alta emanda zerbitzuan. Esperientzia pilotu horren emaitza ona ikusita, zerbitzua gutxienez beste urtebetez mantentzea erabaki da.
Ekimen honen bidez, San Martingo eraikineko langileei aukera jasangarri bat eskaini nahi zaie beren lan jardueran egin behar dituzten joan-etorrietan bizikleta erabiltzeko, udal automobiletako bat erabili ordez. Estazio automatizatuak 6 bizikleta elektriko mailegatzeko, itzultzeko eta kargatzeko aukera ematen du. Bateria automatikoki kargatzen da bizikleta ainguratuta dagoenean. Geltokiarekin batera, teklatu alfanumeriko bat dago, gako pertsonal baten bidez bizikletak desblokeatu ahal izateko.
Ekimen honek EEE Energiaren Euskal Erakundearen eta SmartEnCity europar proiektuaren laguntza ekonomikoa izan du.