Vitoria-Gasteizek laneko foro bat ireki du enpresa eta operadoreekin salgaien hiri-banaketa hobetzeko

Salgaien Hiri Banaketarako Foroaren lehen saioa egin zen martxoaren 30ean, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak, Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailak eta Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrak bultzatuta, eta hiriko logistikaren egoera aztertzea eta sektoreko eragileekin batera soluzioak sortzea da bere helburua.
Topaketak banaketa-enpresak, operadore logistikoak, merkataritza-elkarteak eta erakundeetako ordezkariak bildu ditu, diagnostikoa partekatzeko eta hiri-ingurunean salgaien banaketaren antolaketa hobetzeko ibilbide-orria prestatzen hasteko.
Saioaren hasiera-ekitaldian, Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak erronka horri elkarrekin ekitearen garrantzia nabarmendu du. “Hiriko logistika ezinbesteko jarduera da hiriak egunero funtziona dezan. Gure saltokiak, ostalaritza edo zerbitzuak horren mende daude. Horregatik da hain garrantzitsua sektorearekin lan egitea, sektorearen funtzionamendua eta, aldi berean, espazio publikoko bizikidetza hobetuko duten irtenbideak aurkitzeko”, adierazi du.
Zinegotziak gogorarazi du Gasteiz bezalako hiri batean, espazio publikoa gero eta erabilera gehiagok partekatzen dutela eta merkantzien banaketa ondo antolatzea funtsezko erronka bihurtzen dela. Hiriko mugikortasunaren beste elementu batzuk gehitzen zaizkie zamalanei espazio publikoan, hala nola oinez, bizikletaz edo garraio publikoan egiten diren joan-etorriek izandako gorakada.
Testuinguru horretan, Udala hiriko logistikarekin lotutako hainbat neurri lantzen ari da, hala nola zamalanetarako eremuen antolaketa, ordutegien egokitzapena edo banaketa-eredu eraginkorragoak eta jasangarriagoak bultzatzea. “Oreka aurkitu nahi dugu hiri ordenatuago eta jasangarriagoaren eta jarduera ekonomikoaren funtzionamendu egokiaren artean. Horretarako, egunero salgaien banaketan lan egiten dutenei entzun behar diegu, eta sektorearen errealitatea ondo ezagutu”, azaldu du Artolazabalek.
Jardunaldian, bestalde, AECOCek salgaien hiri-banaketari buruz egindako azterketaren emaitzak aurkeztu dira. Emaitza horiek izango dira, hain zuzen ere, foroaren lanketaren oinarriak. Diagnostiko horretatik abiatuta, parte hartu duten erakundeak jarduketa-lerro posibleak identifikatzen hasi dira, hiriko banaketaren eraginkortasuna hobetzeko eta hiri-ingurunean duen inpaktua murrizteko.
Foroa Udalaren eta hiriko logistikan inplikatutako eragileen arteko elkarrizketa eta lankidetzarako gune egonkor bihurtzeko asmoarekin sortu da. Partekatutako ibilbide-orria sortzea da helburua, hiriko salgaien banaketaren antolaketa hobetzen lagundu dezan, eta etorkizuneko Gasteizko Mugikortasun Jasangarriaren eta Espazio Publikoaren Planean txertatu ahal dadin.