RPK, Automach eta Caype, mugikortasun iraunkorreko ohiturak sustatzen
Hiriek konpondu beharreko erronka handietako bat da lantokiaren eta bizilekuaren arteko mugikortasuna, baita Gasteizen ere. Hain zuzen, lehentasunetako bat izango da Mugikortasunaren eta Espazio publikoaren Planaren berrikuspenean. Horregatik, Gasteizko Udalak, 2019ko Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astean antolatutako jarduera-egitarauaren barruan, erronka jarri zuen martxan hiriko 3 enpresen partaidetzarekin. Hala, egunerokoan joan-etorriak modu iraunkorrean egiten duten langile batzuen esperientziaren berri eman dute Gamarrako Atean dagoen RPK S.Coop, Betoñun dagoen Caype eta Jundizko industrialdean dagoen Automach enpresek. Jardunbide horiek ezagutzera emanez, iraunkortasun-ohiturak finkatu eta ildo horretan gauzak egin daitezkeela erakutsi nahi izan dute. Bide batez, eguneroko ibilbideetan egin daitezkeen hobekuntzak adierazi dituzte eta, agian, baita jendea ekimenera batu ere.
Guztira 336 langile biltzen dituzte 3 enpresek, eta haiei guztiei mugikortasun iraunkorrari buruzko webgune baten berri eman zitzaien (https://www.movilidad-idae.es/). Gainera, IDAEk CONAMArekin batera berriki abian jarri duen gidari buruzko informazioa ere eskuratu zuten langileek. Enpresei Langileentzako Garraio Planak ezartzen laguntzeko gida horrek dakarren kalkulagailua erabili zuten automobila edukitzeak duen kostua jakiteko.
RPK enpresaren esperientzia
Mugikortasun Iraunkorraren Astean, RPK enpresako Houda Mesdah langileak Abetxukotik Gamarrako Atean dagoen lantokirainoko ibilbidea azaldu digu. Etxetik lantokira 40 minutu ematen ditu, 07:20tik 08:00etara egiten du bidea. Bestalde, Iñigo Martínek kontatu digu egunero autobusez etortzen dela Bilbotik Gasteizera, eta gero bizikletaz joaten dela lantokiraino. Bizikleta nola gordetzen duen esan digu, eta baita mugikortasunaren aldeko apustuan aurkitu dituen oztopo batzuen berri eman ere. Kexu da, gaur egun indarrean dauden bonuen artean bakar bat ere ez delako egokitzen bere beharretara.
Nuria Maraurik bizikleta hartzen du joan-etorriak egiteko, “azkarra, erosoa eta askoz ekologikoagoa delako”. Bilbo plazatik Gamarrako Atera egunero egiten duen ibilbidean hobetu daitezkeen alderdiak aipatu dizkigu: “Bilbo plazatik Iparraldera dauden bidegorriak nahiko arriskutsuak direla iruditzen zait, bai txirrindularientzat eta bai oinezkoentzat. Aparkatuta dauden ibilgailuen pasabidea ixten dute, bai aparkatzera doazenean eta bai handik irteterakoan. Autoek ikuspen urria dute eta, gainera, etengabe bidegorrira sartzen direnez, txirrindulariak errepidera egin behar du. Bestalde, Iparralderanzko bidegorriaren norabidea ibilgailuek dutenaren aurkakoa da, eta oinezkoen eta txirrindularien arteko istripuak gertatu dira. Izan ere, oinezkoek lehenengo eskuinera begiratzeko ohitura dute, autoak alde horretatik baitatoz, baina kasu horretan bizikletak ezkerretik datoz. Horrez gain, bidegorri horiek ez dute bereizteko piboterik, eta, ondorioz, autoek bigarren ilaran aparkatzen dute eta bizikleten joan-etorria oztopatu. Iparraldetik Gamarrako Ateraino doan bigarren tarteari dagokionez, zoladura nahiko irregularra da. Bide-zorutik metalezko hodi batzuk ateratzen dira, aurreko hiri-altzariren baten hondarrak —moztu egingo zuten eta estali gabe utzi—, eta arriskutsuak dira”.
RPKko 28 langileek hartu dute parte ekimenean, batzuek kolaboratzaile gisa, Mugikortasunaren Astearen berri eman eta joan-etorriak modu jasangarrian egitearen abantailak azalduz. Guztiek batera familia-argazkia atera zuten. Enpresak poltsa bana oparitu zien, parte-hartzea eskertzeko.
Mugikortasunaren Astea Caype enpresan
Bizikletaz erostera etorritakoei poltsa bana oparitzea izan da Caype enpresaren ekimenetako bat. Astebetean 150 poltsa inguru banatu zituzten, eta, oparia eskuetan, jendeak pozik atera zuen argazkia. Horrez gain, biltegian lan egiten duen Josemi Sanzek Gamarrako bizikleta-erreitik etxera egin ohi duen bidea erakutsi zuen, bistez gozatzeko aukera ematen duela eta arriskurik ez dagoela azaltzeko. Bidea Betoñuko industrialdeko Harrobi kalean dagoen dendaren ondotik igarotzen da.
Eduardo Prietok Arkaiate-Salburua ingurua eta Caype lotzen dituen ibilbidea egin zuen, goizero moduan. “Autoak baimendutakoa baino abiadura handiagoan joaten dira zuzengunean eta biribilguneetan, bizikleta-erabiltzaileak kontuan hartu gabe, eta bizikleta-erreia amaitzean txirrindulariek errepidera egin behar dute”, azaldu zuen. Guille Arnaiz ere bizikletaz etortzen da lanera Aranbizkarra ingurutik. Ibilbidea grabatu zuen eta esan zigun, batzuetan, goizeko 7etan lanera etortzen direnean, ez dagoela argirik Gamarrako bizikleta-erreian, eta ez dela ia ezer ikusten.
Maika Acedok oinez egiten du egunero Salburutik lantokirako bidea, eta 15 minutu ematen ditu, gutxi gorabehera. Kontatu zigunez, “Deba Arroa kaleko biribilguneko zebra-bidean ikuspena oso urria da, ibilgailuak bertan daude aparkatuta eta altuak badira gorputza errepidera atera behar duzu kotxerik ote datorren ikusteko, eta harrapa zaitzakete”.
Automach enpresan egindako balorazioa
Automach enpresan aspalditik dute bizikletentzako parkinga kanpoaldean, lanera garraiobide hori erabiliz joan nahi dutenek aparkalekua izan dezaten. 5-9 bizikleta egon ohi dira bertan, eta kopuru hori handituz joan dadin nahi dute. Helburu horrekin, lanera bizikletaz joaten diren langileetako batzuek ibilbidearen berri eman dute, eta egin litezkeen hobekuntzak aipatu dituzte, jende gehiago animatu dadin garraiobide hori erabiltzera.
Alvaro Capellán bizikletaz joaten da egunero Judimenditik enpresaren instalazioetaraino, “garraiobide lasaia delako, jarduera fisikoa egiten dudalako eta, gainera, garbia delako. Poltsikoari begira, https://www.movilidad-idae.es/ webguneko kalkulagailua erabilita ikusi dut aurreko lantokira kotxez joanez hilean gastatzen nuen diruarekin bizikletan ibiltzeko euritarako lau ekipamendu erosi ditzakedala hilean!”, azpimarratu du. Bere ibilbideak hobetuko lituzkeen eskaera bat ere egin du Capellánek. “Bizikleta-bidezko mugikortasunaren 2010-2015 aldirako planean (esteka, 58. orrialdean), Zuhatzu eta Jundiz lotzen dituen tartea egokitzea aurreikusi zen. Lanak ez dira oraindik egin, eta bizikletek irrist egiten dute lurzoru buztintsuan. Euria egiten duen bakoitzean bizikleta-gurpilen arrastoak ikusten ditut lokatzetan; hortaz, batek baino gehiagok eskertuko luke hobekuntza”, azaldu du.
Henar Valera bizikletaz joaten da lanera egunero, eguraldia horretarako eskasa denean ere, “euritako on batekin” ez baitago arazorik. Aspalditik egiten du, eta argi eta garbi ikusten ditu ohitura horrek dakarzkion onurak. “Bizikletaz etortzearen abantailarik handiena 08:00etako auto-ilarak eta aparkaleku bila ibiltzea saihestea da. Azkenean, kotxez 10 minutura egon arren, 30 minutu ematen dituzu bide hori egiteko, inoiz 50 ere bai, eta arratsalde osoa haserre pasatzen duzu”, dio. “Alfertuta nabilen egunetan 25 minutu ematen ditut bizikletan, joanean zein etorrian. Gainera, bizikletan ibiltzeak bizkortu egiten nau eta ariketa fisiko apur bat egiten dut. Batzuetan zenbait lankide elkartzen gara eta lanaldia bukatzean zuzenean joaten gara bizikletan ibiltzera”, esan du ingeniaritza-enpresako langileak. Hala eta guztiz ere, alde txarrak ere aipatu ditu. “Automachera etortzeko hartu ohi dudan bidean nahiko utzita dagoen lursailetik pasatzen naiz, harri solteak daude, zuloak… ez da batere erosoa. Eta aurreko egunetan euria egin badu, ezin da aldapatik igaro. Ondo legoke bidea asfaltatzea, Zuhatzutik jaisten den beste bide batean egin zuten moduan”, iradoki du. Langileak gaineratu duenez, “lursaila eta Gasteiztik Zuhatzurako errepidea igarotzea zailagoa da eguna oraindik argitu gabe dagoenean. Ez dago batere argirik, eta norberak argia eramanda ere, erraz aurkituko duzu aurrean oreka galaraziko dizun harriren bat, zuloren bat edo hondarra. Bidean zein errepidean pare bat farola jarrita baldintzak hobeak lirateke, ziur, eta ibilbidea seguruago egingo genuke, autoek hobeto ikusiko gintuzketelako”.
Industrialde barruko bizikleta-erreiez ere mintzatu zaigu. “Baten bat egoera onean dago, besteren bat nahiko apurtuta, bada inora ez daraman biderik ere. Zuhatzobidea eta Zurrupitieta kaleek bizikleta-erreia behar dute, kale nagusiak izanik horietan ikusi baitut jende gehien bizikletaz edo patinete elektrikoan”, adierazi du. Jarraian, konponbide izan litezkeen ideia batzuk bota ditu: “Zuhatzobidea kalean bi errei egonik zaila da bizikleta-erreia jartzea, baina kamioi mordoa dago, asko bigarren ilaran aparkatuta, eta espaloiak estuak dira. Agian irtenbideren bat aurkitu daiteke autoak gu ukitu gabe pasa daitezen edo aurreratu ez gaitzaten aurretik kotxeak datozenean. Beharbada, lursail bat hartu eta aparkaleku izateko egokitu daiteke, eta aparkaleku-lerro bat kendu bi norabideko bidegorri bat jartzeko, zerbait esatearren…”
Oscar Callejak ere azaldu zigun astebeteko bizikleta-esperientzia.
“Lakua auzoan bizi naiz, merkataritza-gunearen ondoan, eta 20 bat minutu ematen ditut Automach Ingeniería enpresaraino dauden 6-7 kilometroak egiteko. Goizeko 07:15ak aldera irteten naiz etxetik, eta ibilbideak tarte onak eta txarrak ditu.
Lehenengo tartea, lehen kilometrotik 2,5.era (Jundizeko sarrerako lehenengo biribilgunera) doana, oso erosoa da, bizikleta-erreia baitago.
2,5. kilometrotik 3,5.era espaloia oso zabala da, eta bizikleta-erreia jar liteke. Espaloitik joaten naiz, errepidean autoak abiada handian doazelako eta zoladuran zulo asko daudelako; izan ere, kamioien joan-etorrien ondorioz egoera txarrean dago.
3,5. kilometrotik 4.erainoko tartea eta jarraian dagoen biribilgunea errepidez egin behar dira, eta bertan zuloak daude, aurreko puntuan aipatu dudanez.
Biribilgune horretatik 5. kilometroko beste biribilgunera dagoen zuzengunean bizikleta-erreia dago, baina nahiko hondatuta. Inoiz gurpila ere zulatu zaio kideren bati. Erosoa da, errepidea eta horren egoera okerra areagotzea saihesteko aukera ematen baitu.
Eta, ibilbidea bukatzeko, egoera onean dagoen espaloi estura iritsiko gara.
Eta horixe da ibilbidea bizikletaz egitean izan dudan esperientzia”.
Ismael Pérezek, berriz, lanera joateko garraio publikoa erabiltzeko aukerak aztertu ditu. Zaila dela uste du, bere kasuan bederen. “Asteko egun batean lanera autobusez etortzeko asmoa nuen, baina horretarako dauden zailtasunak eta eman behar den denbora ikusita, ideia baztertu dut. Honako aukera hauek daude:
Jundizeko industrialderaino iristen den autobus-linea bat dago, L5 delakoa, gero hiru lineatan banatzen dena —L5a, L5b eta L5c— gune guztietara heltzeko. Baina L5b linea bakarrik iristen da Automach Ingeniería enpresa kokatuta dagoen ingururaino. Linea hori Salburutik abiatu eta Ariñizen bukatzen da. Automachetik hurbilen dagoen geltokia Paduleta/Uzbina da, baina aurretik autobusa industrialdeko gune gehienetatik igarotzen da. Lakuaburua kalea Gasteizko kanpoaldean dago, eta L5b linea hartzeko Europa geltokiraino joan beharko nintzateke, hori baita gure etxetik gertuen dagoena. Horretarako, beste autobus linea batzuk (L4, L7) edo tranbia hartu behar dut. Autobus horren ordutegiari erreparatuta, eta bidaia-denbora kontuan hartuta (25 minutu Europa-Paduleta tartea egiteko), goizeko 07:30ean hartu beharko nuke autobusa. Beraz, Salburutik 07:00etan irteten dena hartu beharko nuke, Europa geltokitik 07:20an igarotzen dena. Horretarako, ordu erdi lehenago atera behar naiz etxetik.
Jarraian, ibilbideak eta horietan emandako denbora zehaztuko ditut:
- Lakuaburua 2 -> Forondako Atea tranbia. Emandako denbora: 13 min.
- Forondako Atea tranbia -> Europa. Emandako denbora: 10 min., itxaronaldia barne.
- L5b Europa -> Paduleta. Emandako denbora: 25 min.
- Autobus-geltokia -> Automach. Emandako denbora: 3 min.
Horrenbestez, 50 minutu emango nituzke etxetik lantokira joateko, dena ongi badoa. Hori ikusita, lanera etortzeko garraio publikoa erabiltzeko aukera baztertu dut. Autoa erabil nezakeen America Latina plazako aparkalekura iristeko, baina, halere, oso denbora gutxi aurreztuko nuke. Gainera, behin automobila hartuta, zuzenean Automacheraino joatea da aukerarik onena (13 minuturen buruan bulegoan nago eserita)”.
Horrez gain, Oscar, Henar, Laura eta Martín Mugikortasunaren Asteko Scape Roomera joan ziren asteazkenean. Hirigunera guztiak auto batean etortzea erabaki zuten, eta ongi pasatu zuten.