Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak oinezkoentzako Gasteizko metrominutua eguneratu du eta bizikletentzako bat sortu du

Udalak, CEAren bidez eta Ciudades que Caminan sarearekin lankidetzan, oinezkoentzako eta bizikletentzako metrominutuak prestatu ditu, hiriko gune nagusien artean oinez edo bizikletaz mugitzeko aurreikusitako denbora adierazten dutenak. Metro sareen mapen itxuran oinarrituta, baliabide grafiko honek herritarren artean desplazamendu aktibo eta jasangarriak sustatzea du helburu.
Metrominutuek erakusten dute Gasteizko toki asko dirudiena baino gertuago daudela: adibidez, Zabalganetik erdigunera 10 minutu baino gutxiagoan irits daiteke bizikletaz, edo Aranbizkarretik udaletxeraino oinez joan daiteke 15 minutu eskasetan.
Helburua da oinez edo bizikletaz ibiltzea hiri barruan mugitzeko aukera erreal, eroso eta seguruak bihurtzea. Metrominutuek agerian uzten dute eguneroko joan-etorrietarako askotan ez dela beharrezkoa autoa.
Plano horietan auzo nagusiak, gizarte etxeak, berdeguneak, ikastetxeak, ospitaleak, kirol instalazioak eta garraio nodoak (hala nola tren eta autobus geltokiak) ageri dira. Denborak neurtzeko, oinez batez besteko abiadura 5 km/h-koa dela zehaztu da, eta bizikletaz 15 km/h-koa dela.