eues

Albistea

Mugikortasun-modu desberdinen arteko bizikidetza sustatzeko kanpainari ekin dio Udalak

Hobeto alde onetik

Komunikazio-kanpaina berri bat aurkeztu du Gasteizko Udalak gaur goizean, zeinen helburua baita arauekiko errespetua sustatzea gidari, ziklista eta oinezkoen artean, mugikortasun-modu desberdinen arteko bizikidetza hobetze aldera. “Hobeto alde onetik” lemarekin, egungo bizikidetza hobetu nahi da ekintza horren bitartez, gizalegez jokatzeko deia egin eta enpatia sustatuz. “Ongi ezagutzen ditugu arauak, baina beti ez ditugu betetzen, eguneroko jokabidean. Horregatik, aingeru eta deabru berezi bana aukeratu ditugu kanpainaren protagonista gisa, gure kontzientziaren ahots izango baitira. Alde onetik jotzera animatzen ditugu gasteiztarrak, bizikidetza harmonikoa ahalbidetzeko”, nabarmendu du Ingurumeneko zinegotzi eta IGIko lehendakari Iñaki Prusillak. “Egia da mugikortasun-ingurune berriaren eraikuntza tirabirak sortzen ari dela hiriko mugikortasuna osatzen duten agente desberdinen artean. Horregatik, garrantzia ematen diogu gizalegez eta arduraz jotzeko deia egiteari”, ziurtatu du Iñaki Prusillak.

Hirian barrena mugitzen den edonork —gidari, oinezko edo ziklista izan— topa ditzakeen ohiko egoerak irudikatzen dituzten lau herritar dira kanpainaren protagonistak. “Bidegorrian aparka nezake, minutu bat baino ez baita izango”, “Posta kaletik joko dut, ez baitago udaltzainik”, “Klaxona joko diot bizikleta horri, ez baitit azkarrago joaten uzten”, “Kontrako noranzkoan joko dut, motzagoa baita”, “Gorri pasako dut, ez baitator autorik”. “Eguneroko erabakiak dira, eta alde onetik jotzen badugu bizikidetza hobea lortzen dugu, guztiz beharrezkoa baitugu hori gure hirian mugikortasun iraunkorragoa lortzeko bidean aurrera egiteko”, azaldu du Iñaki Prusillak.

Herritarren Segurtasuneko zinegotzi Carlos Zapateroren hitzetan, “norberarengandik hasten da bide-segurtasuna, kontzientziazio-elementu gisa. Erantzukizun-parte handi bat du gutako bakoitzak, hiri-ingurune segurua sortzeko orduan, mugikortasun-modu desberdinen arteko bizikidetza egokia posible izan dadin. Erantzukizun horrek indarrean dagoen araudia betetzera garamatza, behar bezala jokatzera, dena delako ordenantza errespetatuz, horrek segurtasuna emango baitigu, eta oinezko, ziklista eta gidarien arteko elkarbizitza ona ahalbidetuko.” Zentzu horretan, Carlos Zapaterok gogora ekarri duenez, “bide publikoan geure gain hartzen ditugun erantzukizun eta arriskuez jabetu beharra daukagu. Horregatik, positiboa da era honetako kanpainak abian jartzea. Garrantzitsua da oinezkoek, gidariek, ziklistek eta bide publikoaren gainerako erabiltzaileek gure heziketa harago eramatea, birziklatzea, segurtasuna arriskuan jartzen duten ohitu txarrak baztertzeko.”

Ustekabeko ekintzak

Gaurtik bertatik, hiriko 60 iragarki-taulatan, autobusetan eta TUVISAren sareko, gizarte-etxeetako nahiz Antso Jakitunaren kaleko pantailetan hainbat mezu erakutsiko dira, estetika hauskor samarrekoak, herritarren arreta erakartzeko. Gainera, irratian ere emango dira iragarkiak, eta sare sozialetan barrena zabalduko.

Urri osoa hartuko du kanpainak, eta kaleko marketineko ustekabeko bi ekintza izango ditu, Gasteizko mugikortasunaren benetako gatazkak nabarmendu eta horiek konpontzeko zenbait ohitura aldatzeak duen garrantziaz ohartarazteko. Bideoan grabatuko dira ekintza horiek, gero sare sozialetan barrena zabaltzeko.

Mugikortasunaren alorrean funtsezkoak diren bi kolektiborekin ere prestatzen ari da kaleko ekintza bat, ikasle-jendearekin eta adinekoekin. Urriaren bukaera aldera, ikasleek eta hirugarren adinekoen ordezkariek parte hartuko dute ekintza horretan, zeinen helburua baita belaunaldien arteko sinergiak sortzea, benetako mugikortasun-egoerak biziarazteko eta kanpainaren enbaxadore bihurtzeko, gainerako herritarrak kontzientziarazteko orduan. Egun batez, kanpainako aingeru eta deabruak izango dira, eta, binaka, nola alde onetik jo eta bizikidetza hobea lor daitekeen erakusten saiatuko dira beste oinezko batzuei.

Hirian barrena mugitzeko orduan duten jokabidea ebaluatu ahal izango dute nahi duten gasteiztarrek, Udalaren webgunean zintzilikatuko den inkesta baten bitartez, eta, hartara, hirian barrena dabiltzanean “aingeruak” ala “deabruak” diren jakin ahal izango dute.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala