Laster ekingo zaio Etxe Berdeak ekimenaren 2018ko edizioari
Aurreko urteetan Etxe Berdeak programak izan duen arrakasta ikusita (dagoeneko 125 familiak hartu dute parte), CEAk edizio berria antolatuko du 2018an, Gasteizko 50 familiak bertan parte har dezaten.
Programak bi xede ditu: gasteiztarrak etxeko kontsumoa gutxitzeak duen garrantziaz sentsibilizatzea, eta herritarren eguneroko ohiturak aldatzea, hartara hirian ingurumen inpaktua murriztuko duten etxebizitza eraginkorragoak eta ekologikoagoak lortuko baitira. Etxeko kontsumoak aztertzeko auditoretza eta adituen laguntza pertsonalizatua eskaintzen die parte hartzaileei, etxebizitza eraginkorragoa eta iraunkorragoa izan dezaten, bai ingurumenaren ikuspegitik bai ekonomikotik. Horrez gain, lantegiak, bisitak eta beste mota batzuetako jarduerak egingo dira adin guztietarako, horrela familia osoko lagunek parte har dezaten bermatuz. Bestalde, jende orori zuzendutako lantegiak eta jarduerak ere antolatuko dira.
Ekimenari buruzko informazioa (izena ematea, epeak, programaren edukiak, etab.) laster argitaratuko da CEAren webgunean, udal webgunean eta beste hedabide batzuetan.
Otsailaren 8an aurkezpen jardunaldia egingo da, eta programan interesa duen oro joan ahal izango da.