eues

Albistea

Koroatzeko SmartEnCity proiektuak berme-funtsaz baliatzeko baldintzak hobetu ditu

Koroatzeko SmartEnCity proiektuak erakundeek sustatutako berme-funtsa hobetuko du, auzokoak ekimenari atxikitzea erraztearren. Horretarako, funtsaren baldintzak malgutuko dira, onuradun izan daitezkeen pertsonen kopurua handitu eta laguntza ekonomikoek familientzako kostuaren % 100 estaltzerik izan dezaten. Halaxe azaldu dute Koroatzearen birgaikuntza energetikorako proiektuaren arduradunek: Carlos Quindós, Visesa-ko zuzendari nagusia; Iñaki Prusilla, Gasteizko Udaleko Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzia, Juan Manuel Taracena Giroa-Veoliatik eta Sergio López, EEE-Energiaren Euskal Erakundeko kidea. Bide batez, proiektuaren informazio-bulego berria aurkeztu da, zeina Aldabe kaleko 22an baitago.

Joan den abenduaren 5ean iragarri zenez, proiektuari atxikitzeko epea luzatu eta horrek barne hartzen duen jarduera-eremua handitu egin dira. Orain, hiru hilabete falta direlarik, berme-funtsaren baldintzak hobetu dira, hau da, diru-laguntzak jasotzeko beste baldintza batzuk jarri dira, eta horri esker, Koroatzeko auzoko gehiago atxiki ahalko zaizkio etxebizitza birgaitzeko proiektuari eta, batez ere, beren bizi-kalitatea hobetu ahalko dute.

SmartEnCity proiektuak eremuko jabe ororentzat birgaikuntza energetikoaren kostuaren % 54ko diru-laguntza ezartzen zuen; horretaz gain, aparteko laguntza emateko berme-funts bat sortu zen, errenta baxuenak zituzten pertsonek birgaikuntzaz baliatzerik izan zezaten. Orain, horretaz baliatzeko baldintzak eta jasoko diren diru-laguntzak nabarmen hobetu dira. Hona hemen aldaketa garrantzitsuenak:

  • Eskaera egiten denetik, urtebete erroldatuta egotea eskatuko da funtsaz baliatzeko; lehen 5 urte eskatzen ziren.
  • Funtsaren zuzkidura 3.300.000 euro da. Oso kopuru handia da, gutxienez 280 etxebizitzaren beharrak asetzeko bestekoa, etxebizitza bakoitzeko batez besteko inbertsioa (11.760 €, BEZa barne) % 100ean estaltzen dela kalkulatuta. Kopurua mugatua denez, eskabidearen hurrenkeran esleituko da, Visesarekin birgaitze-kontratua sinatzeko baldintzapean.
  • Eskuratzeko baldintzak zabaltzen dira, familia-unitate bakoitzeko diru-sarreren muga 21.100 eurora igota (lehen 15.000 euro zen).
  • Handitu egin dira ezarritako bost tarteetan (9.000 eta 21.100 euro artekoak) jaso daitezkeen zenbatekoak.
  • Bizikidetza-unitate hauek laguntzen % 100 jasotzeko eskubidea izango dute:
    • 9.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten guztiak.
    • Bi kide edo gehiago izanik, 12.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituztenak.
    • Hiru kide edo gehiago izanik, 15.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituztenak.
  • Bizikidetza-unitate hauek laguntzen % 50 jasotzeko eskubidea izango dute:
    • Kide bakarra izanik, 9.000 eta 12.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenak.
    • Bi kide izanik, 12.000 eta 15.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenak.
    • Hiru kide edo gehiago izanik, 15.000 eta 18.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenak.
  • Azkenik, bizikidetza-unitate hauek laguntzen % 25 jasotzeko eskubidea izango dute:
    • Kide bakarra izanik, 9.000 eta 15.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenak.
    • Bi kide izanik, 15.000 eta 18.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenak.
    • Hiru kide edo gehiago izanik, 18.000 eta 21.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenak.
  • Itzuli beharrik gabeko laguntza (laguntza soziala) da betekizunak betetzen dituzten eta etxebizitzan erroldatuta dauden pertsonentzat.
  • Pertsona batek etxebizitza dibortzioaren edo herentzia baten ondorioz jasoko balu, ez luke laguntza itzuli beharko, baldin eta aurreko 5 urteetan bizikidetza-unitatearen kide izan bada.
  • Laguntza eman eta hurrengo 25 urteko epean “inter vivos” edo “mortis causa” direla eta egindako eskualdaketetan, berriz, itzuli egin beharko da dirua, baldin eta etxebizitza jasotzen duena aurreko 5 urteetan bizikidetza-unitatearen kide izan ez bada. Horrelakoetan, eskualdaketa egiten den unean itzuliko beharko dira laguntzak.
  • Laguntza itzultzeko betebeharra betetzen dela bermatzeko, onuradunak Visesaren aldeko hipoteka-bermea eratu beharko du; Visesak ordainduko ditu horri dagozkion gastuak.

Orobat, birgaitze integrala egin beharko da, irisgarritasunarekin lotutakoa edo Eraikinen Ikuskaritza Teknikoaren (EIT) ondoriozkoa. Lan osagarri horietarako ere bada araututako laguntzarik; gainera, abenduaren 22an Koroatzearen auzoa “zona degradatutzat” jo zutenez, laguntzak % 15 inguru igo dira. Bi laguntza-programa osagarri dago: Eusko Jaurlaritzaren Renove plana eta Gasteizko Udaleko 21 Zabalgunea sozietatearena:

  • EITren ondoriozko lan osagarriak (barneko zorrotenak, egitura arazoak, etab.) RENOVE PLANA: Komunitatearentzat, 3.000 euroko laguntza; 21.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten partikularrentzat, % 45erainoko laguntzak, etxebizitza bakoitzeko 5.500 euroko mugarekin. Horretaz gain, % 100eko finantzazio kualifikatua (mailegua) jasotzeko aukera dago 33.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituztenentzat, 5 eta 15 urte bitartera itzultzekoa. 21 ZABALGUNEA: Partikularrentzako Renove planaren laguntzak osatzen ditu, bizikidetza-unitatearen diru-sarreren eta kide kopuruaren arabera, % 80ko mugarekin (bateragarriak dira gehienezko diru-laguntza horretaraino).
  • Irisgarritasuna hobetzeko lan osagarriak (igogailua, 0 kota). RENOVE PLANA: Komunitatearentzat, 3.000 euroko laguntza; 21.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten partikularrentzat, % 45erainoko laguntzak, etxebizitza bakoitzeko 5.940 euroko mugarekin. Horretaz gain, % 100eko finantzazio kualifikatua (mailegua) jasotzeko aukera dago 33.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituztenentzat, 5 eta 15 urte bitartera itzultzekoa. 21 ZABALGUNEA: Partikularrentzako Renove planaren laguntzak osatzen ditu, bizikidetza-unitatearen diru-sarreren eta kide kopuruaren arabera, % 80ko mugarekin (bateragarriak dira gehienezko diru-laguntza horretaraino).

Lan osagarrietarako laguntzak dira, SmartEnCity proiektuaren barruan aurretik zeudenei gehitzen zaizkienak, beraz, Koroatzearen auzoko bizilagunek aparteko ekarpen ugari eskuratu ahalko dute.

Bestetik, finantza-erakunde batzuek (Euskadiko Kutxa, Kutxabank, Rural kutxa, Bankoa eta La Caixa) finantzaketa baldintza bereziak eskaintzen dizkiete Koroatzeko proiektuarekin bat egiten duten auzokoei, jasotako laguntzek estaltzen ez dituzten kopuruak ordaintzeko. Koroatzeko auzokoek proiektuaren jakitun diren bulego berezietara jo dezakete.

  • KOROATZEKO KUTXABANK: Ziudadela plaza, 4.
  • EUSKADIKO KUTXA – 143. bulegoa: Andre Maria Zuriaren Koroatzearen kalea, 6.
  • RURAL KUTXA: Andre Maria Zuriaren Koroatzearen kalea, 11.
  • BANKOA: San Prudentzio kalea, 10.
  • CAIXABANK: Ricardo Buesa kalea, 2; Gasteiz hiribidea, 81 (Europa biltzar jauregia), Domingo Beltran de Otazu kalea, 23-25.

Informazio gehiago eta bulego berria

Bi hilabetez, hedatutako eremuko auzokoei proiektuaren baldintzen berri ematea izan da zeregin nagusia (39 atari eta 608 etxebizitza ziren, eta 21 ataritako auzokoekin egin dira bilerak), baita hasierako eremuan pendiente geratutako zalantzak argitzea ere. Orain, proiektua fase erabakigarrian sartuko da, eta bero-sarea gauzatu ahal izateko azken helburua —750 etxebizitza (edo horien baliokidea den kontsumoa)— maiatzaren 31rako lortzeko itxaropena argia da.

Urtarrilean, arreta emateko gunea Kutxa kaleko etxolatik Aldabe kaleko 22.era aldatu zen. Ireki zenetik, 133 bisita zenbatu dira bulegoan, eta horiei Kutxa kaleko etxolan abendura arte izandako beste 467 gehitu behar zaizkio; beraz, 600 izan dira orotara. Bulegoan egindako lanaz gain, eta eremuko auzoko guztien informazio beharrak betetzearren, gaur bertan atez ateko beste kanpaina bati ekingo zaio, jarduera-eremu berrirako (aurreko kanpainan 879 etxebizitza bisitatu ziren).

SmartEnCity proiektua inoiz baino biziago dago: atzo bertan, atxikitako lehen bi komunitateak (Eulogio Serdan kaleko 4.a eta 8.a) birgaitzeko lanen lehiaketara deitu zen. Laster ikusi ahalko dira aldamioak, eta zuzenean egiaztatu —Iruñeko Txantrea auzora egindako bisitan bezala— horrelako jardueren abantailak. Une honetan, atxiki diren gainerako eraikinei —11 komunitate, 132 etxebizitza— dagozkien proiektuak garatzen ari da Visesa.

Europako Batzordeak, bestalde, arreta handiz jarraitzen du Koroatzeko proiektua, eta oso positibotzat jo du egindakoa, bereziki beste hiri batzuetan izan dezakeen aplikazioa dela kausa; izan ere, gizartearen eremu behartsuak birgaitzeko eredua izan daiteke, arlo publikoaren eta proiektuaren arteko lankidetza barne hartzen baitu jarduerak sustatu eta kudeatzeko, administrazio-oztopoak kentzen, eta pobrezia energetikoa arintzeko laguntzak ematen.

Proiektuan inplikatutako erakunde eta entitate guztiak ahalegin handia egiten ari dira hori aurrera ateratzeko, beraz, orain inoiz baino gehiago, Koroatzearen auzoak bizilagunek ere esku hartzea eskatzen du.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala