Koroatzearen auzoan bero-sarea ezartzeko lizitazioa adjudikatu da
Giroa sozietateari adjudikatu zion osailaren 7an udal gobernuak Koroatzearen auzoan bero-sarea ezartzeko lizitazioa, eta bultzada berria eman dio SmartEnCity proiektuari.
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailburuordetzarekin eta VISESA sozietate publikoarekin batera parte hartzen du Udalak Koroatzearen auzoa birgaitzeko proiektuaren garapenean, zein aurreko agintaldian CO2rik gabeko hiri adimentsuak sortzeko estrategia komuna diseinatzea helburu duen Europako I+G+Bko “Hiri eta komunitate adimentsuak” programaren deialdira aurkeztutako proposamenaren emaitza baita. Tartu, Sonderborg eta Gasteiz hirietan ari da garatzen SmartEnCity proiektua.
Koroatze auzoaren birgaikuntza energetikorako proiektu hau izan zen Europar Batasunak aukeratutako lau proiektuetako bat —guztira 42 proiektu aurkeztu zituzten 100 hirik baino gehiagok—, eta biomasa baliatuko duen hiri-berokuntzako sistema bat instalatzea aurreikusten du.
Duela urtebete, Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren egiturazko xedapen-aldaketa onetsi zuen udalbatzak, hiri-berokuntza edo barrutiko berokuntza-azpiegituren gisako konponbide aktiboak ezartzeko aukera emate aldera. Izan ere, eraikinetako ohiko banakako sistemak edo sistema zentralizatuak baino eraginkorragoak dira ura aprobetxatzeari dagokionez, eraikinetako energia-kontsumoaren murrizketa dakarte eta eragin txikiagoa dute atmosferan, eta, horrenbestez, berotegi-efektuko gasen emisioa murriztea ahalbidetzen dute.
Plan berezian eta egin litezkeen zabaltzeetan arautzen diren jardueren eremuak jabari publikoko hainbat espazio hartzen ditu, zein interesaturik egon zitezkeen operadoreen eskura jarri baitziren lehen lizitazio batean, baina hutsik geratu zen hura, joan den irailean.
Txosten tekniko baten bitartez, sorkuntza-zentrala kokatzeko espazio publikoak eta bero-sarearen hedadura birplanteatu dira, eta txikitu egin dira bertan Aldabeko gizarte-etxean zentral termikoa jartzeko zenbait instalazio, eta, horrenbestez, ezartze-kostuak murriztu, proiektua bideragarriago izan dadin sarea ustiatu nahi duten lizitatzaileentzat.
Eskaintza bakarra aurkeztu da lizitaziora, eta, balioespen teknikoa egin ondoren, Giroa SAU sozietateari adjudikatu zion Gobernu Batzarrak Koroatzearen auzoan energia termiko berriztagarria banatzeko sistema ustiatzeko proiektuan aurreikusitako jabari publikoaren erabilera pribatiborako emakida, aurkeztutako eskaintzaren arabera.
Proiektuaren aurrekontu osoa, aipatutako hiru hiriak barne hartuta, 75.565.000 euro da, eta Europako Batzordearen dirulaguntzak ia % 37 estaltzen du (27.890.136 euro). Gasteizi dagokionez, 29.566.798 euro da aurrekontua, eta dirulaguntzak 10.879.960 euro estaltzen du. Dauden partidak kontuan izanik, gehienez 750 etxibizitza birgaitu ahal izango dira, eta bero-sarea (District Heating) eraiki, Europako dirulaguntzaren kontura.
Auzokoei laguntza handiak eskaini zaizkie, VISESA garatzen ari den eraberrikuntzaren esparruan.
Aldi berean, Gasteizko Udalak espazio publikoan esku hartuko du, beste 2 milioi jarrita. Auzokoek egindako partaidetza-prozesuan erabakitakoari jarraituz, obra hauek egingo dira: Aldabe kalea oinezkoentzat izango da zati batean, eta modernoagoa; Aldabe plaza egoteko eta elkartzeko lekua bihurtuko da, eta Ziudadela plaza, parterreak kenduta, oinezkoak igarotzeko errazagoa izango da. Inguruko argiztapena ere hobetuko da.