Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak bizikleta elektrikoak partekatzeko zerbitzua sortu du San Martineko bulegoetako udal langileentzat
Gasteizko Udalak bizikleta elektrikoak maileguan uzteko gune automatizatu berria jarriko du abian Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bitartez. Maiatzaren 18an jarri zen martxan zerbitzu berria, San Martineko eraikineko langileek aukera jasangarria izan dezaten laneko joan-etorrietarako, udal ibilgailuak erabili ordez.
“Nazio Batuen 2030 Agenda ezartzen jarraitzen dugu eta, gure ustez, mugikortasuna zeharkako elementua da gure hirian iraunkortasuna lortzeko. Bizikletaz eta oinez ibiltzeak energia-kontsumoa eta kutsadura murrizten laguntzen du, baita herritarren osasuna hobetzen ere. Ziurgabetasun garai hauetan, lan arloan bizikleta erabiltzea aukera erakargarria da modu jasangarri eta osasungarrian mugitzeko”, azaldu du IGIko lehendakari Ana Oregik.
Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak gune automatizatu bat instalatu du San Martineko eraikineko lurpeko aparkalekuan, 6 bizikleta elektriko maileguan utzi, itzuli eta birkargatzeko. Ainguratu eta birkargatzeko sei puntuz eta sei bizikletaz hornituta dago sistema. Erabiltzaileek mugikorren aplikazio bat beharko dute horietaz baliatzeko. Esperientzia pilotuak sei hilabete iraungo du, eta duen arrakastaren arabera erabakiko da bizikleta partekatzeko sistemak jarraitzen duen ala ez.