Albistea

Gasteizko Udalak 73 lursail izango dituen komunitate baratze bat egokituko du Salburuan

Vitoria-Gasteizko Udalak sail bat egokituko du Salburuan 50 m²-ko 73 baratze izango dituen ekipamendu komunitario berri bat osatzeko. Elorriagako atea, Varsovia hiribidea, Budapest hiribidea eta Galileo kalearen artean egongo da kokatuta gune berria.

12.300 m² ditu lursailak, baina horietatik 7.000 m² egokituko dira momentuz. eta horrek aukera emango du etorkizunean ekipamendua handitzeko. Obrek 6 hilabeteko iraupena izango dute kontratua esleitzen denetik aurrera, eta batez ere lursaila berdintzea eta baratzeentzako terrazak sortzea izango dute helburu.

Baratzeak martxan jartzearekin batera, Udalak informazio saioak eta laguntza teknikoa eskainiko du eta gainerako hiri baratzeetan egiten den bezalako esleipen sistema gardena eta txandakakoa ezarriko du. Lurzati bakoitzaren esleipena eta eskaera egutegia obrak amaitu ondoren iragarriko dira.

Hiri baratze berri horiek sortzearen helburua da autokontsumoa handitzea, biodibertsitatea hobetzea, bizilagunen ongizatea hobetzea eta auzoaren estetika bera hobetzea ere. Horrez gain, erabiltzaileen arteko sare soziala indartuko du praktika aktiboaren bidez.

Espazioak ureztatzeko hiru uraska, kanpoko eta barruko biltegi bana eta komunak dituen etxola bat izango ditu. Barruan askaritarako gune bat izango du, baratzeak erabiltzen dituzten pertsonen arteko harreman sareak bultzatzeko.

Salburuko instalazio berri hau Gasteizko udal baratzeen sarean sartuko da, lehendik dauden Urarteko baratzeak (Abetxuku), Zabalortu (Zabalgana), Lakuakolore (Lakua) eta Ortubi (Borinbizkarra) baratzeen lana osatuz udalerriko ekialdean.