Hasi dira SmartEncity proiektuaren barruan Koroatzearen auzoan bero-sarea ezartzeko lanak

Giroa enpresa arduratuko da instalazioa eraikitzeaz; horren bidez, atxikitako etxebizitzak ur bero sanitarioz eta berokuntzaz hornitzeko energia termiko berriztagarria banatuko da
Astelehenean hasiko dira Koroatzearen auzoan energia berriztagarria darabilen bero-sarea ezartzeko lanak, SmartEncity proiektuari atxikitako auzokoak ur beroz eta berokuntzaz hornitzeko. Giroa Veolia enpresa arduratuko da instalazioa eraikitzeaz. Aste honetan hasiko da Aldabeko gizarte etxeko aparkalekua okupatzen, bertan jartzekoa baita galdara-gela.
Lanek 12-14 hilabete irautea aurreikusi da. Une horretatik aurrera hasiko dira auzokoei zerbitzu ematen. Oraingoz, 28 bizilagun-komunitatek egin dute bat bero-sarearen proiektuarekin, Domingo Beltran de Otazu kaleko gimnasio batek, Aldade gizarte etxeak eta Koroatzearen parrokiak (Eulogio Serdan kalea).
Laster informazio bilera bat egingo da atxikitako zein interesatutako auzokoei proiektuari buruzko xehetasun gehiago emateko.
Koroatzearen auzoko bero-sareak energia termikoa (ur beroa) banatuko du bide publikoan barrena, sarera konektatzen diren etxebizitza eta eraikin pribatu guztiak ur bero sanitarioz eta berokuntzaz hornitzeko. Zehazki, ur beroa auzoko espaloietatik banatuko da, lurpetik doazen hodi aurreisolatuen bitartez, eraikin bakoitzaren hartuneraino.
Gasarekin bezala, hodi batek ur beroa igoko du eraikinean gora, etxebizitza bakoitzaren trukagailuetaraino, zeinek oraingo galdarak ordeztuko baitituzte. Energia termikoa (ur beroa) Aldabeko gizarte etxearen atzealdean jarritako galdara-gelan sortuko da. Auzoko galdara horrek biomasa erabiliko du erregai nagusitzat.
Udalak Europako sei herrialdetako beste 34 bazkiderekin batera hartzen du parte H2020 I+G+B europar programaren barruko “Hiri eta komunitate adimentsuak” proiektuan; Gasteiz ereduzko hiria da horretan, eta energia-eraginkortasunaren, garraioaren eta IKTen inguruko irtenbideak modu integratuan aplikatuko dira bertan. Proiektua 2016ko otsailaren 1ean abiarazi zen, eta bost urte eta erdi iraungo du.
Energia-eraginkortasunaren arloan, Gasteizko Udalak orain hasitako bero-sareak Visesa sozietate publikoa (Etxebizitza Sailburuordetza) eraikinetan egiten ari den birgaikuntza-lanen osagarri da.
Koroatze auzoaren birgaikuntza energetikorako proiektu hori izan zen Europar Batasunak aukeratutako lau proiektuetako bat —guztira 42 proiektu aurkeztu zituzten 100 hirik baino gehiagok—, eta biomasa baliatuko duen hiri-berokuntzako sistema bat (District Heating) instalatzea aurreikusten du.
“Energia berriztagarria baliatzen duen bero-sareak etxebizitzak energetikoki birgaitzeko proiektua osatzen du. “Proiektua oro har aukera paregabea da Koroatzeko auzokoen bizi-kalitatea hobetzeko, eta etxebizitzen energia-eskaria % 50 inguru murriztea lortzeko, dagoeneko eraberritu diren etxeetako emaitzek erakusten dutenez; horri esker, gainera, CO2 emisioak nabarmen gutxitzen dira. Gaur egun, eraikin gehienek ez dute isolamendurik ez fatxadetan ez estalietan, beraz, elementu horiek energetikoki birgaitzeak nabarmen hobetuko ditu etxebizitzen baldintza termikoak eta barruko erosotasuna“, azaldu du Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik.
Aldi berean, Gasteizko Udalak espazio publikoan esku hartuko du, beste 2 milioi jarrita. Auzokoek egindako partaidetza-prozesuan erabakitakoari jarraituz, obra hauek egingo dira: Aldabe kalea oinezkoentzat izango da zati batean, eta modernoagoa; Aldabe plaza egoteko eta elkartzeko lekua bihurtuko da, eta Ziudadela plaza, parterreak kenduta, oinezkoak igarotzeko errazagoa izango da. Inguruko argiztapena ere hobetuko da.
Hiriko bero-sarearen ezaugarriak
Koroatzeko Plan Berezian zedarritutako esparruan ezarriko da sarea. iparraldetik, Andre Maria Zuriaren Koroatzearen kaleraino eta Ziudadela plazaraino iritsiko da; ekialdetik, Arriagako ateraino eta Jesusen Zerbitzarien Fundatzailearen kaleraino; hegoaldetik, Badaia kaleraino eta Aldabe plazatxoraino; mendebaldetik, azkenik, Domingo Beltran de Otazu kaleraino. Gainera, ondoan dauden beste kaleetako auzokidei aukera emango diete.
Giroa enpresako ordezkari Juanma Taracena -k nabarmendu duenez, “azpiegitura honen onura nagusiak dira energia-kontsumoa gutxitzea, auzoko galdara eraginkorragoa erabiliz; atmosferara isuritako CO2 emisioak murriztea; energia berriztagarriak erabiltzea, eta erregai fosilak erabiltzeak dakarren kanpoko energiarekiko mendekotasuna ere apaltzea. Gainera, baliabide propioen balioa nabarmentzen da, Gasteiztik gertuko basoetako ustiapen jasangarrietatik datorren biomasa erabiliko baita”.
Galdara-gela Aldabeko gizarte etxean jarriko da. Biomasa eta gas naturaleko galdarek osatuko dute, eta biomasa gordetzeko silo bat ere izango da, gero beroa sortzeko.
Antzeko instalazioetan esperientzia duten teknikari kualifikatuak arduratuko dira galdara-gelaz, eta azken belaunaldiko kontrol-sistema bat baliatuko da zerbitzua bermatzeko.
Bestalde, birgaitutako eta sarera konektatutako etxebizitzen kalifikazio energetikoa hobetuko da. OHZren murrizketa eskatu ahalko dute horri esker. Etxebizitzen segurtasuna ere handituko da, kendu egingo baitira horietan lehendik dauden tximiniak.
Auzoko berokuntza-sistema zentralera konektatuta dagoen etxebizitza bakoitzari dagokion faktura egingo zaio, eta gutxienez kontzeptu finkoa edo eskuragarritasuna ordaindu beharko ditu, gehi erregistratutako kontsumoari dagokion kontzeptu aldakorra. Etxebizitza hutsik badago, kontzeptu finkoa edo eskuragarritasuna ordaindu beharko ditu, ez zati aldakorra, ur, argi edo gas gastuekin gertatu ohi den bezala.
Sistema berria auzoko etxebizitzetan orain dauden gainerako guztiak —gas naturaleko galdara zentrala, gas naturaleko banakako galdara, butanoko galdara, berogailu elektrikoak— baino merkeagoa izango da. Kontuan izan behar da, gainera, etxebizitzen jabeek ez dutela oraingo instalazioaren mantentze-gasturik ordaindu beharko, ezta etorkizunean berritzeko gasturik ere.