Gasteizko ikasleek energia irisgarria eta ez-kutsatzailea erabiltzearen aldeko ekintzak aurkeztu dizkiote Udalari

Ingurumenaren Mundu Egunarekin bat eginez, Salburua gizarte-etxeak Eskolako Agenda 2030en Udal Foroa hartu zuen ekainaren 5ean. Ekitaldi horretan, programan parte hartu duten ikasleek amaitzear den ikasturtean egindako lana aurkeztu zuten.
Ekitaldian Vitoria-Gasteizko alkate Maider Etxebarria izan zen, eta hiriko 24 ikastetxetako ikasleen inplikazioa eta parte-hartzea eskertu zituen. Era berean, Borja Rodríguez Hiri Ereduaren, Hirigintzaren, Etxebizitzaren eta Ingurumenaren zinegotziak ere hartu zuen parte.
Ingurumen-heziketarako programa honen helburua hiriko lehen eta bigarren hezkuntza mailetako ikasleek ingurumen-arazoak konpontzen modu aktiboan parte har dezaten beharrezkoak diren motibazioa, ezagutzak, gaitasunak, jarrerak eta konpromisoak garatzea da. Hori guztia NBEren Batzar Nagusiak 2015ean onartutako Agenda 2030en Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) lotuta egin dute.
Edizio honetan bi ikasturtetan zehar landu duten gaia, 7. Garapen Jasangarriko Helburuaren baitan dagoena, energia irisgarria eta ez-kutsatzailea da.
2022-2023 ikasturtean, ikastetxeek 64 proposamen egin zituzten Arabako hiriburuan esku hartzeko, eta 2023-2024ko ikasturtean, berriz, proposamen horiei lotutako hainbat ekintza egin zituzten. Ekainaren 5eko jardunaldian, programan parte hartu duten 24 ikastetxeetako ordezkariek ekintza horien emaitzak aurkeztu zituzten.
Gasteizko alkateak Udaleko hainbat sail dagoeneko landu dituzten eta aurreko ikasturtean egindako proposamenei erantzuten dieten jarduera horietako batzuk aipatu zituen.
64 proposamen horien artean, autobus-flota modernizatzeko egiten ari den ahalegina nabarmendu zuen, pixkanaka-pixkanaka, flota osoa elektrifikatzeko helburua baitago. Halaber, babesgune klimatikoen mapa sortzea, LED bonbillak eta sistema adimendunak erabilita argiteria publikoa etengabe hobetzea, eta hondakinak birziklatzeko eta kudeatzeko sisteman aurrerapausoak ematea aipatu zituen.
Era berean, ikasleei garraio publikoa baldintza onenetan erabiltzeko erraztasunak emateko lana aipatu zuen, eta baita energia-komunitateentzako laguntzak ere, beste hainbat gairen artean.
Ikastetxeek 2023-2024 ikasturtean abian jarritako ekintzei dagokienez, Etxebarriak balioa eman zien bizikleta bidezko mugikortasunarekin, eskolara egindako joan-etorri aktibo eta autonomoekin, birziklatzearekin eta materialak berrerabiltzearekin, elkartasunarekin eta energia aurrezteari buruzko kontzientziazioarekin lotutakoei besteak beste. Horiek garatzeko, ikasleek ibilaldiak, irratsaioak, aurkezpenak, azoka txikiak, tailerrak, jardunaldiak, kanpainak eta beste hainbat baliabide erabili zituzten.