eues

Albistea

Gasteizen autoa partekatzeko asmoz CEAk abian jarritako proiektu pilotuak 12.500 bidaia baino gehiago erregistratu ditu irailetik

Karos erabiltzaileak autoan

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (CEA), Vitoria-Gasteizko Udalarekin batera, Arabako hiriburuan bizitokiaren eta lanaren arteko ibilbideetan ‘carpooling’aren (autoan egindako bidaiak partekatzea) erabilera sustatzeko ekimen pilotua jarri zuen abian irailean. Proiektuak EIT Urban Mobility-k emandako Europako finantzaketa jaso zuen eta Karos enpresak kudeatuta zegoen.

Horren helburua da eguneroko joan-etorrietan karbono-aztarna gutxitzeko carpoolingeko sarea sortzen laguntzea eta hiri inguruko industriaguneetan (Jundiz, Arabako Teknologia Parkea eta abar) lan egiten duten pertsonak ditu helburu.

Europako Batzordearen finantzaketa jaso zuen proiektu pilotua amaitu ostean (2023ko abenduaren 31n), Karos enpresak proiektua bere baliabideekin 2024ko otsailaren amaierara arte luzatzea erabaki zuen.

“Esperientzia bereziki interesgarria izaten ari da lanera egiten ditugun banakako joan-etorrietarako autoa erabiltzearen alternatiba gisa era honetako formulak balioztatu ahal izateko. Irailetik, partekatutako 12.500 bidaia baino gehiago egin dituzte eta horrek agerian uzten du proiektuak arrakasta izan duela”, azpimarratu du Gasteizko alkateak, Maider Etxebarriak. “Horregatik, programa martxoaren 1etik abuztuaren 31ra arte luzatuko dugu, baina oraingoan Udalaren finantzaketarekin”, iragarri du.

Gasteizko Udalak, CEAren bidez, 15.000 euro inguruko inbertsioa egingo du formula hau aurrera eramateko eta dagoeneko Jundizeko industrialdeko eta Arabako Teknologia Parkeko hainbat enpresak egin dute bat horrekin. Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak proposamen hau aurrera eramaten lagundu du. Hala, lurraldeko enpresen sektore baitan horri buruzko informazio-saioak antolatu ditu.

“Sistema hau Gasteizko industrialdeetarako seguruagoa, lehiakorragoa, unibertsalagoa, jasangarriagoa eta osasungarriagoa den mugikortasun-eredua zehazteko lan egiteko gure konpromisoarekin lerrokatuta dago; hain zuzen ere, denbora daramagu ibilbide-orri horren inguruan lanean eta hurrengo hilabeteotan aurrera egin nahi dugu”, adierazi du Etxebarriak.

“Agerian geratu da ‘carpooling’a aukera interesgarria dela industriagune ugarietarako sarbidea hobetzeko eta industrialdeetara doazenei autoaren gastuaren zati bat aurrezten laguntzeko eta, aldi berean, lotura berriak sortzeko aukera emateko”, gehitu du.

Programa honekin bat egin nahi duten pertsonek edo enpresek ‘Karos’ app mugikorra deskargatu behar dute. Mugikortasunerako morroi adimenduna da app hori eta pertsonalizatuta eta optimizatuta dauden atez ateko ibilbideak eskaintzen ditu.

Sistemak, gainera, udalerriko langileen eta enpresen artean ekimena bultzatzeko asmoz, hainbat pizgarri jasotzen ditu.

Informazio gehiago hemen: www.karos.es

Ikusi bideoa

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala