eues

Albistea

Gasteizek tokiko baso eta mendietako biomasaz elikatuko ditu udal galdarak

Biomasa

Gasteizko Udalak biomasa estrategia bat onartu du, udalerriko mendi publikoen baso-biomasaren energia bertan aprobetxatzeko, klima aldaketarekiko egokitzapena, energia-eraginkortasuna eta basoen kudeaketa iraunkorra irizpidetzat hartuta. Ingurumen Sailak, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta Udal Eraikinetako Mantentze Zerbitzuak koordinatutako epe luzerako planaren barruan Udalak sustatuko duen lehen neurria proiektu pilotu bat izango da, 500 tona baso-biomasaren errendimendua Gasteizko udalerriko galdaretan probatzeko. Hirian kontsumitzen den energia sortzeko ezpalak baliatzearen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa aztertzeko ere balioko du 2019an egitekoa den probak. Hasierako proba horrek benetako informazioa emango digu eredu berriaren funtzionamenduaz, eta etorkizunerako erabaki estrategikoak hartzen lagunduko digu.

Gaur egun, Udalak 13 biomasa-galdara ditu hainbat instalaziotan, zeinetan 1.575 tona pellet baliatzen baita. Datozen urteetan diesel eta gasetik biomasara alda daitezkeen beste 24 instalazio identifikatu ditu Udalak. SmartEnCity proiektuak ere biomasaz elikatutako galdara komunitarioa barne hartzen du.

Hori guztia kontuan izanik, udalerrian orain kontsumitzen diren 2.200 tona biomasatik 10.000 tonara igaroko litzateke arrazoizko epe batean. Horri gehitzen badiogu Gasteizek 12.000 hektarea baso eta mendi dituela, ikusiko dugu hiriak potentzial handia duela biomasa erregai gisa kontsumitzeko.

Udalerriko baso-biomasa udalaren ekipamenduak berotzeko baliatzea autohornikuntza iraunkorreko estrategia da, energiaren ikuspegitik gure udalerriaren etorkizuna bermatu dezakeena. Europako Hiriburu Berdea garen aldetik, uste dugu Gasteizek klima-aldaketaren kontrako eta energia berriztagarrien aldeko estrategien abangoardian egon behar duela”, argudiatu du alkateak. “Beti ere kontuan hartuz ematen ditugun pausoek basoen funtzio ekologiko eta sozialak babestea bermatzen dutela, arriskuak minimizatuz, basoak era iraunkorrean kudeatuz eta administrazio-batzarrekin elkarlanean arituz, haiek baitira basoen % 80ren jabeak.

Biomasaren energia aprobetxamendurako udal estrategia basoen kudeaketa iraunkorrera bideratuko da, energia-aurrezpena enplegu-sorkuntzarekin eta suteen prebentzioarekin uztartuz. Hartara, eraikin publikoak era jasangarriagoan berotu ahalko dira.

Biomasa Kudeatzeko Plana idaztea aurreikusi da, 2030 mugarritzat jarrita, eta Biomasaren Mahaia sortzea, non, Udalaz eta administrazio-batzarrez gain, Hazi, Aldundia, EEE eta Baskegur (Euskadiko egurraren elkartea) egongo baitira ordezkatuta. Jarduerak kudeaketa plan baten bidez antolatuko dira. Administrazio-batzarrekiko lankidetza funtsezkoa da, Gasteizko mendien % 80ren jabeak baitira. Eragile horiek baso partzuergo baten bidez edo lankidetzako beste formula batzuk baliatuz sar litezke planean.

Proiektu pilotua

2019an egitekoa den proiektu pilotuan udal instalazioetako galdaretan 500 tona ezpal erabiltzea aurreikusi da. Lehenengo fasean, merkatuan eskuragarri dauden kalitateko ezpalak erabiliko dira galdaretan probatzeko. Aldi berean, egurra aterako da Udalaren jabetzako mendietatik, kalitateko ezpalak ekoiztearren. Atera, garraiatu, biltegiratu, xehatu eta lehortu ondoren, tokiko ezpala galdaretan probatuko da.

Udalak bere jabetzako konifero basoak identifikatu ditu Gasteizko Mendietan, eta horietatik 360 tona atera litezke datozen bi urteetan. Beste iturri batzuk ere erabil litezke, berdeguneen eta Eraztun Berdearen mantentze-lanetatik lortutako egur hondarrak, esaterako.

Urratsak egin ahala, Udalak hainbat alderdi aztertuko ditu: zikloaren balantze energetikoa eta emisioak, biomasa erabiltzeko modurik onena (ezpala edo pelleta), proiektuaren kudeaketa- eta ustiapen-eredua, eta ziklo osoaren kostu guztien balantze ekonomikoa. Eredu berriarekin lotutako erabaki estrategikoak hartzerakoan ezagutza tekniko handiagoa eta hobea izaten lagunduko du horrek.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala