Gasteizek familientzako bizikleta martxa batekin esango dio agur udari
Gasteizek familientzako bizikleta martxa batekin esango dio agur udari; Udalak antolaturik, irailaren 21eko 20:00etatik aurrera egingo da. CEAren, Kirol Zerbitzuaren eta Udaltzaingoaren bitartez, lehenengo aldiz Arabako hiriburuan egitekoa den ekimen berritzailea sustatuko du Udalak, udazkenari ongi etorria emateko eta bizikleta hirian mugitzeko alternatiba osasungarri gisa erabil dadin sustatzeko, Mugikortasunaren Astearen testuinguruan. Era berean, jardueran parte hartzen duten gazteak argien eta elementu islatzaileen erabileraz sentsibilizatuko dira. Izan ere, garrantzitsua da bideen gainerako erabiltzaileentzat ikusgarri izatea.
Parte-hartzaileen gehienezko kopurua 400 izango dela erabaki da; abuztua igarotakoan emango dira xehetasunak. Bereziki familiei zuzendutako jarduera da, eta sei urtetik gorako umeekin hartu ahalko dute parte; dena den, hirian bizikletaz ibili nahi duten beste pertsona batzuek ere bat egin ahalko dute. Jardueraren prezioa euro bat izango da. Horren truke, parte-hartzaileek hirian zirkulatzeko segurtasun-elementuekin lotutako oparitxo bat jasoko dute.
Ikastetxeek eta guraso elkarteek lagunduko dute martxa antolatzen, baita Goiena taldeak ere. Floridako kioskotik aterako da, eta hiriko hegoaldeko berdeguneetatik jarraituko du; ondoren, Erdi Aroko hirigunea zeharkatuko du, Judimendin bukatzeko, eta Tornay medikuaren kalean musika emanaldia izango da. Parte-hartzaileek taldean zirkulatuko dute, antolatzaileen aginduei jarraituz. Kaskoa, bizikletako argia eta elementu islatzaileak erabili beharko dituzte.