eues

Albistea

Gasteizek bat egin du Bizikletaren aldeko Hirien Sarearekin

Txirrindulariak Gasteizko kale batean

Gasteiz gure inguru hurbilean bizikleta-tradizio handiena duen hirietako bat da, eta tradizio horren isla da bizikleta gero eta gehiago erabiltzen dela joan-etorrietarako, nahiz eta oraindik lan handia dagoen egiteko bizikleta bidezko mugikortasunean puntakoak diren Europako hirien kopuruetara iristeko. Horrela, Gasteizen bizikletaz egiten diren joan-etorrien ehunekoa bidaia guztien % 8koa da.

Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren eguneratzeak, aurreko mugikortasun planetan bezala, bizikleta bidezko mugikortasuna hobetzeko ildoari jarraitzen dio, eta bizikletarekin lotutako hainbat alderditan eragiten duten 6 ekintza bildu ditu, hala nola bizikleta bideen sarea garatzea, bizikletentzako aparkalekuak handitzea eta bizikleten erregistroa modernizatzea.

Testuinguru horretan, eta gure hiriaren jasangarritasuna areagotzeko eta mugikortasun modu aktiboak sustatzeko bidean, Gasteizek beste urrats bat eman du, eta, hemendik aurrera, Bizikletaren aldeko Hirien Sareko kide izango da. Elkarte hori tokiko erakundeek osatzen dute, eta Espainiako hirien artean bizikleten zirkulazioa errazteko, seguruago ibiltzeko eta azpiegiturak garatzeko dinamika bat sortzea du helburu.

Urriaren 11n, Mugikortasun zinegotzi den Raimundo Ruiz de Escuderok Sarearen kide berriak aurkezteko egin zen bilera birtual batean hartu zuen parte.

Bizikletaren aldeko Hirien Sarearen zutabe estrategikoak honakoak dira:

  • Erakundeen konpromisoa sustatzea bizikletaren alde
  • Plangintza teknikoa eta estrategikoa orientatzea
  • Sarearen lana zabaltzea, ekintza inspiratzea eta ahalegina aitortzea.
  • Bizikletaren erabilera modu eraikitzailean zabaltzea
  • Hezkuntzaren esparrutik bizikletaren erabilera sustatzea
  • Lanerako joan-etorrietan bizikletaren erabilera sustatzea
  • Bizikleta bidezko salgaien banaketa sustatzea
  • Bizikletaren eta garraio publikoaren arteko intermodalitatea erraztea
  • Zikloturismoa sustatzea tokiko motor ekonomiko gisa

Gasteiz sare honetara atxikitzeak bizikleta hiri mailan bultzatu nahi duten beste hiri batzuekin lankidetzan aritzeko aukera emango du, eta horrek ideien, informazioaren eta tresnen elkartrukea erraztuko du, denok baliatu ahal izateko besteon esperientziaz.

Bizikletaren aldeko Hirien Sarearen logoa

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala