Gasteizek aurrera jarraitzen du isurpen gutxiko eremua sortzeko proiektuan
Gasteizek aurrera jarraitzen du isurpen gutxiko eremua sortzeko eta karbono neutroa izango den hiri bihurtzeko proiektuan, 2030 Agendaren ildoan. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotziak, Raimundo Ruiz de Escuderok, Udaleko Talde Politikoei azaldu dizkie eremu hori definitzeko kontratutako azterlanak planteatzen dituen hausnarketa eta jarduera-ildo nagusiak. Azterlanaren helburua da Arabako hiriburuko espazio publikoaren eta airearen kalitatea hobetzea, erdigunean ibiltzen diren ibilgailuak murriztuz. Prozesu honetako lehen fasean, helburu nagusietako bat da, espazio publikoan onura horiek eta ingurumen-kalitatea lortzeaz gain, Erdi Aroko hirigunea motordun trafikotik babestea. Hain zuzen ere, azken urteetan ildo horretan ari ziren neurriak hartzen.
Dokumentuaren aurrerakina gaur aurkeztu dute. Dokumentuak planteamendu osoa egiten du, honako hauek barne: espazio publikoaren esku-hartzeak (Memoriaren plaza eta haren ingurunea birgaitzea, “erdiguneko superetxadia” garatzearen baitan eta Aldabe kalearen ardatza berritzea), bidegorri-sarea zabaltzea, TAO zerbitzua zabaltzea Judimendira eta Hego eremura, aparkaleku berriak sortzea (Iturritxu), azken miliako hub mikrologistiko bat abian jartzea Herrandarren kalean eta Erdi Aroko hirigunean bizitokiari lehentasuna emango dion eremua ezartzea lehen fase batean; hori 2023rako garatuko litzateke. Eremu horrek 82 hektareako azalera du, eta bertara kamera bidez eta matrikulak irakurrita sartuko litzateke. Ingurune horretan 19.438 lagun bizi dira; horietatik % 16k 19 urte baino gutxiago du, eta % 22k, aldiz, 65etik gora.
Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Saila inguruneko bizilagunekin, merkatari eta ostalariekin, eta eragile ekonomikoekin lanean ari da datozen urteetan martxan jarriko diren neurriak adosteko. Parte-hartze prozesua Erdi Aroko hirigunea Berroneratzeko Mahaiaren, Mugikortasunaren Elkargunearen eta Auzoguneen bidez bideratuko da, eta proiektu horretarako soilik bulego bat ere zabalduko da. Udalaren asmoa da salbuespenak ezartzea, Erdi Aroko hirigunean sartu behar duenak sartzeko aukera izan dezan. “Adostu gabeko erabakirik ez da hartuko”, esan du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotziak.
Etorkizuneko agertokian, lehen faseko ezarpena monitorizatu eta aztertu ostean, dokumentuak bizitokiari lehentasuna ematen dion eremua gehiago zabaltzea jasotzen du. Eta 2030erako, Isurpen Gutxiko Eremuetan dauden auzoetan TAO eremua zabaltzen jarraitzea edo ingurumeneko TAO bat ezartzea edo antzeko neurriak abian jartzea.
Klima Aldaketaren Legeak betebeharra ezartzen du 50.000 biztanle baino gehiagoko Estatuko hiri guztietan isurpen gutxiko eremuak jartzeko. Gainera, horrelako neurriak ezartzea ezinbestekoa zen Next Generation EU funtsetara sartzeko. Horien bidez, hiriak mugikotasun-proiektuetarako 11 milioi baino gehiago jasoko ditu. Zehazki, Europak 803.700 euro eman ditu ‘isurpen gutxiko eremuak’ sortzeko; 909.000 euro, TAO eremua zabaltzeko eta hobetzeko; 1,8 milioi, erdiko superetxadian, hegoaldeko esparruaren irisgarritasuna hobetzeko eta oinezko bihurtzeko; 1,8 milioi, bidegorri-sarea zabaltzeko, edo 376.000 euro, bizikletak aparkatzeko leku seguru berriak egiteko. Proiektu horiek guztiak ZBE estrategiaren baitan daude.