Etxe Berdeak programan 2017an parte hartu duten berrogeita hamar familiek opariak eta diplomak jaso dituzte amaiera ekitaldi batean
Beren eguneroko erabaki eta ohiturek ingurumenean eta gizartean duten eraginaz kezkatuta dauden familiei zuzendutako heziketa programa da Etxe Berdeak deritzona, etxearen –eta ondorioz, hiriko ingurumenaren– kudeaketa arduratsuagora aldatzeko prozesuan laguntzeko xedez. Programaren bidez, ur- eta energia-kontsumoaren autokontrola sustatzen da, aurrezteko neurrien eta jokabideen bitartez, eta erosketa etikoagoa eta ekologikoagoa egiten laguntzen.
Berrogeita hamar familiak hartu dute parte Gasteizko Udalak Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bitartez garatzen duen ekimen horretan, zeinak Vital fundazioaren sostengua eta Leroy Merlinen laguntza baitu. Programaren azken edizioan parte hartu dutenek opariak eta diplomak jaso zituzten Zabalganako gizarte etxean egindako ekitaldi batean.
Alkateak ekitaldi horretan parte hartu zuen eta zorionak eman zizkien edizio honetako parte-hartzaileei, eta gogorarazi zuen zein garrantzitsuak diren “keinu txikiak, hala nola kontsumo txikiko eta led teknologiako bonbillak instalatzea; erabiltzen ez ditugun etxetresna elektrikoak itzaltzea; berogailua, edo arropa- eta ontzi-garbigailuak eraginkortasunez erabiltzea…; azken batean, Gasteiz hobea izan dadin, ingurumenarekin konprometitua, eta European Green Capital den aldetik erreferentea izaten jarrai dezan”.
Vital fundazioaren lehendakari Jon Urrestik ere zoriondu zituen parte hartu duten familiak; haren esanetan, “ingurumena zaintzea kezka globala da, baina toki mailan ere eman behar zaio erantzuna. Vital fundazioak hamabost urte daramatza ingurumen arazoekiko erantzukizun kolektiboa indartzearen alde egiten, hiri inguruneen iraunkortasunaz sentsibilizatzen, eta herritarren parte-hartzea eta prestakuntza sustatzen”.