eues

Albistea

Etxe Berdeak programak Gasteizko 75 familiarengana iritsi nahi du aurten

Etxe Berdeak logoa

Etxe Berdeak programaren bidez, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak, Vital Fundazioak eta Leroy Merlinek sustatzen dute, zeinak tresna eta aholku pertsonalizatuak eskaintzen baitizkie interesatutako familia eta pertsonei, etxebizitza ekologikoagoak eta energetikoki eraginkorragoak izan ditzaten.

Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi César Fernández de Landak, Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opacuak eta Leroy Merlineko Giza Baliabideen arduradun Saray Záratek aurkeztu dute doako programa horren seigarren edizioa. Programa dagoeneko sendotuta dago, eta iaz 55 familia izatetik aurten 75 izatera iritsi nahi da.

Gasteiztarrak etxeko kontsumoa gutxitzeak eta eguneroko ohiturak aldatzeak duten garrantziaz sentsibilizatzea du helburu programak, hirian duten ingurumen-inpaktua murrizteko. “Gizarte eta ingurumen onurari familia bakoitzak epe ertainera lortzen duen diru aurrezpena gehitzen zaio, eta nire ustez funtsezkoa den zerbait: gurasoekin batera kontzientziazio abentura horretan umeek ere parte hartzea, jokabideak ikasi eta indartzeko lantegi paraleloen bidez. Horrela, esperientzia familia osoarena da benetan, eta ohitura jasangarriak askoz ere modu eraginkorragoan bereganatzen dira“, nabarmendu du Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotziak.

César Fernández de Landak gogorarazi duenez, “etxeetan kontsumitzen dugu energia-kontsumoaren % 15 inguru; beste % 15, gure auto partikularretan kontsumitzen dugu. Hala ere, neurri errazak eta ohitura aldaketa txiki batzuk tarteko, aurrerapauso handiak eman ditzakegu ingurumena hobetzeko eta dirua aurrezteko. Programan parte hartzen dutenak aldatzeko prest daude, eta gaiarekiko sentiberatasuna dute; hori dela eta, bizitza filosofia baten aitzindariak dira, eta gero eta pertsona gehiago “kutsatzea” espero dugu“. Programa abian jarri zenetik 2.000 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte.

Vital Fundazioak hasiera-hasieratik lagundu dio ekimenari, eta sari berezi bat ere ematen du. Leroy Merlin enpresak, berriz, etxeetarako material osagarri ugari eskaintzen ditu, hainbat arlotan (energia, hondakinak, lorezaintza, ura…) kontsumo-ohiturak hobetzen laguntzeko.

Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibáñez de Opacuak nabarmendu duenez, “erakundearentzat pozgarria da Etxe Berdeak programaren edizio berri honetan laguntzea”. Izan ere, Vital Fundazioan “ingurumenarekin eta gure lurraldearekin konpromiso handia hartu dugu, alor horretan erreferentea bihurtzeko asmoz. Guretzat lehentasunezkoa da sentsibilizazio eta hezkuntza ekimenei laguntzea kontsumo jasangarriaren alorrean, plastikoen erabilera murriztean, gure biodibertsitatea babestean eta, jakina, gure etxeguneetan energiak arduraz kudeatzean. Horixe da Etxe Berdeak programarekin partekatzen dugun filosofia”.

Bestalde, Leroy Merlinek uste du kontzientziazioa funtsezkoa dela ingurumenaren alorrean emaitzak lortzeko. “Beharrezkoa da herritarrak, erakunde publikoak eta enpresak eskutik helduta joatea eta ingurumena zaintzeko konpromisoa hartzea. Horregatik, Leroy Merlinen 6 urte daramatzagu Etxe Berdeak programan parte hartzen, hiriko familien artean jarrera ekologikoagoa bultzatzeko “, adierazi du Saray Zaratek, brikolaje eta dekorazio enpresen Giza Baliabideen arduradunak.

2015ean hasi zen Etxe Berdeak programa Gasteizen, 25 familiarekin. Programaren arrakasta ikusita 50 familiatara zabaldu zen. Kopuru hori egokitzat jo zen programa behar bezalako arreta- eta xehetasun-mailarekin gauzatu ahal izateko. 2019an zenbatekoa 55era handitzea erabaki zen, eta aurtengo edizioan, berriz, 75 familiarengana iritsi nahi da.

Proiektua inplikazio eta konpromisoan eta partaidetza aktiboan oinarritzen da. Familien profil irekia planteatzen da, etxebizitza-tipologia (pisuak eta familia bakarrekoak), tamaina eta berokuntza-sistema desberdinak dituztenak.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala