Albistea

Espazio Publikoaren Sailak San Martinen banaketa jasangarrirako biltegi berria egiteko lizitazioa abiarazi du

Paketeen banaketako microhub baten ikuspegia

Tokiko Gobernu Batzordeak maiatzaren 31n onartu zuen San Martin auzoko lokal bat egokitzeko lanak kontratatzeko espedientea abiaraztea. Etorkizunean, Vitoria-Gasteizen paketeen azken miliako banaketarako biltegi bihurtuko da. Banaketa jasangarriko zentroa izango dena Udalaren jabetzakoa den lonja batean, Vicente Abreu kalean, kokatuko da.

Espazio horrek zerbitzua emango die Zabalguneko eta Erdi Aroko Hiriguneko eremuei, Emisio Gutxiko Eremuaren lehen faseak txertatuta dauden guneei. Hala, banaketak egiten dituzten furgonetak ez dira Gasteizko erdigunean sartuko, hori baita proiektu honen helburuetako bat, Beatriz Artolazabal alkateorde eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak azaldu duenez. “Zabalgunetik eta Erdi Aroko Hirigunetik garraiobide kutsakorrak atera eta zero emisioko beste garraiobide batzuekin ordezkatuko ditugu: bizikletekin, adibidez. Salgaiak San Martineko gune horretaraino eramango dituzte, eta han banaketa eremuen arabera sailkatu. Ondoren, eta bizikletaz, bezeroen etxeetan entregatuko dira”. Garraiobide tradizionalen ordez (erregai fosilak erabiltzen dituzte, handiagoak dira…) beste era batekoak erabiltzeak airearen kalitatea hobetzen, zaratak murrizten, atmosferara igorritako CO2 isuriak arintzen edo aparkaleku desegokiak murrizten laguntzen du. Erosketak ibilgailu garbi eta arinetan entregatuko zaizkie hartzaileei.

Alkateordearen hitzetan, hub hori abian jartzeak bide luzego baten hasiera ekar dezake. “Horixe litzateke paketeak azken milian banatzeko hub-sare bat sortzeko lehen urratsa eta, horrela, haren ingurumen- eta gizarte-abantailak hiriko beste eremu eta auzo batzuetara zabalduko lirateke. Gainera, banaketaren sektorean kalitatezko tokiko enplegua sortzeko iturri izan daitezke, bai eta gure tokiko merkataritzak logistika berde eta jasangarriagoaren aldeko apustua egiteko aukera ere”.

Proiektuak 341.090 euroko aurrekontua eta hiru hilabeteko gauzatze-epea du, eta emisio gutxiko eremua ezartzen eta hiri-garraioaren eraldaketa digital eta jasangarria egiten laguntzeko asmoz Espainiako Gobernuak onartutako Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilentzia Planaren barruan kokatuta dago.

Interesa dakizuke