Nazio Batuek Emakume Nekazarien Nazioarteko Urtea izendatu dute 2026a

2026a Emakume Nekazarien Nazioarteko Urte izendatzea bultzatu dute Nazio Batuek, eta emakumeek lehen sektorean duten funtsezko — eta hamarkadaz ikusezin bihurtutako — eginkizunean jarri dute arreta. Helburua da emakumeek nekazaritzako elikagaien sistemetan duten paperari eta aurre egin beharreko erronkei buruzko sentsibilizazioa sustatzea. Asko dira erronka horiek: lurraren jabetza, muga finantzario eta teknikoak, zerbitzuak eta hezkuntza lortzeko bide mugatuak eta abar. Era berean, nekazaritzako elikagaien sistemetan emakumeak ahalduntzeko politikak eta inbertsioak bultzatu daitezen lortu nahi da, bai eta emakume nekazariei laguntzen dieten nazioarteko ekimenen artean sinergia handiagoa sustatu ere.
Testuinguru horretan, Vitoria-Gasteizko Udalak Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bidez gidatzen duen CROPS4LIFE proiektu europarrak genero ikuspegia kontuan hartzen duen eta lurraldean errotuta dagoen nekazaritza jasangarria are gehiago sendotu nahi du, proiektuaren lerro estrategiko gisa. Martxan jarri zenetik, CROPS4LIFE nekazaritzako elikagaien tokiko sistema eraldatzeko ari da lanean, eta funtsezko erronkei aurre egin behar die: karbono aztarna murrizteari, hurbileko elikagaiak ekoizteari eta, bereziki, belaunaldien arteko erreleborik ezari. Hori guztia begirada inklusiboarekin egin nahi da, emakumeek lurra, prestakuntza eta nekazaritza ekintzailetza eskuragarriago izan dezaten.
Etorkizuna lantzeko espazioak
Proiektuaren zutabeetako bat ALEKO Vitoria-Gasteizko Nekazaritzako Test Gunea da. Basaldeko eta Monasterioguren herriko lursailetan kokaturik, sektoreko profesional berrientzako esperimentazio eta laguntza ingurunea da ALEKO. Gune horiei esker, ekintzaileek — eta batez ere, ustiategien titulartasunean ordezkaritza txikia izan ohi duten emakumeek — baldintza errealetan has dezakete beren lana, nekazaritza birsortzailearen ereduei jarraituz.
Nekazaritza alorreko lan ibilbide batean pixkanaka sartzeko ALEKOk proposatzen duen prestakuntzaren baitan, datorren hilean hirugarren promozioa jarriko da abian. Lehen bi promozioei begiratuta, prozesutik igaro diren 24 pertsonetatik % 30 baino ez dira emakumeak izan orain arte. Datu horrek berresten du oraindik ere badagoela landu beharreko genero arrakala sektore horretan.
Gasteizen zein Europan eragina duen proiektua
Proiektuaren amaiera izango den 2028. urtean begirada jarrita, jadanik emaitza neurgarriak ari da lortzen CROPS4LIFE lurraldean:
- Nekazaritza birsortzaileko jarduerak ugaritu ditu, eta horrela lurzoruaren osasuna hobetu da eta CO₂ gasen harrapaketan lagundu da.
- Zero kilometroko ekoizpena sustatu da, Gasteiz inguruko nekazaritza lurren eraztuna gasteiztarron mahaiekin konektatuz linean, gure salmenta plataformaren bidez.
- Gobernantza inklusiboa bultzatu da ekoizleak elikadura sistemaren erdigunean jartzeko.
Emakume Nekazariaren Nazioarteko Urte honetan zehar, herritarrei irekitako ekintza berriak garatuko ditu proiektuak, hala nola ate irekien jardunaldiak, dibulgazio jarduerak eta prestakuntza espezifikoak, elikadura eredu bidezkoago, erresilienteago eta jasangarriago batekin konprometitutako nekazarien belaunaldi berri bat indartzen jarraitzeko helburuarekin.
101114329 LIFE 22-GIC-ES-CROPS4LIFE
Co-funded by the European Union. Views and opinions expressed are however those of the author(s) only and do not necessarily reflect those of the European Union or CINEA. Neither the European Union nor the granting authority can be held responsible for them.