Ekonomia Zirkularra sustatzeko plana eta 2030 estrategia izango du agintaldi honetan Gasteizek
Gasteizek Ekonomia Zirkularreko plan propioa eta 2030erako marko estrategikoa izango ditu agintaldi honetan, tokiko ekonomia linealetik tokiko eredu zirkular baterako trantsizioa bizkortzeko, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren ekimenez, eta Lurralde eta Klimaren aldeko Ekintzaren eta Ekonomia-Sustapenaren sailekin batera. IGIko Kontseiluak abuztuaren 3an egin zuen bileran diagnostiko bat egiteko laguntza teknikoa lehiaketara ateratzea onetsi zuen, hiriak ekonomia zirkularraren arloan dituen aukerei buruzko hausnarketa egin ahal izateko, eta, horretan oinarrituta, bigarren fase batean, 2030erako esparru estrategikoa eta ekintza-plana egitea partaidetza-prozesu baten bidez.
“Kontratuaren xedea da 3 laguntza tekniko espezializatu izatea, 2030erako Tokiko Estrategia eta Ekintza Plana diseinatzeko eta idazteko proiektuan laguntzeko. Plan horrek 4 urteko iraupena izango du, eta adierazle-sorta bat, partaidetza- eta komunikazio-prozesuaren diseinua eta egikaritzea, eta ekonomia zirkularraren inguruko kontsumo-ohiturei eta herritarren pertzepzioari buruzko azterlan bat“, azaldu zuen IGIko presidente Ana Oregik, zeinak, aldi berean, azpimarratu baitzuen zeinen garrantzitsuak diren “bultzada koordinatua eta sail eta diziplinen arteko estrategia partekatua, Europak eskatzen diguten bidean jarraitzeko”. “Gasteiz erreferentea da oraindik ere hirigintza-, ekonomia- eta ingurumen-jarduketetan, betiere jasangarritasuna jomugan, eta hala izan nahi du zirkulartasunaren esparruan ere, Europako politikekin bat egingo duen estrategia propio eta zehatz baten bidez”.
Ekonomia-Sustapenerako zinegotzi Maider Etxebarriak nabarmendu zuenez, “Klima-aldaketaren aurkako eta trantsizio ekologikoaren aldeko politikek sendotu egiten dituzte gure enpresak, gure ekonomia modernizatzen dute eta enplegua sortzen“. Ildo horri jarraiki, Gasteizko Udalak “azken urteetan jarduera garrantzitsuak egin ostean, ekonomia zirkularrarekin lotutako estrategia indartu” behar duela azpimarratu zuen. Adibide gisa, lehen alkateordeak 2017ko bat gogorarazi zuen: orduan Udalak “diziplina anitzeko talde tekniko bat osatu zuen, Enpresen, Plangintzaren eta Ingurumen Kudeaketako (Hondakinak Kudeatzeko Unitatea) zerbitzuetako langileekin, eta horri esker hainbat proiektu garatu ahal izan dira, materialen kudeaketari dagokionez ikuspegi diferentzial bat txertatuta, tokiko ikuspuntua alegia“. Diziplina anitzeko talde horretara Jasangarritasun, Klima eta Energia Zerbitzua eta Ingurumen Gaietarako Zentroa gehitu dira berriki, barne-harremanak sendotzeko, ahaleginak bateratzeko eta talde bakoitzaren know-howen bidez aberasteko.