Gasteizek hiri mugikortasun jasangarriarekin duen konpromisoa berritu du Europako CIVITAS sarean

Gasteizko Udalak hiri mugikortasun jasangarriarekin duen konpromisoa berretsi du gaur, ofizialki berritu baitu CIVITAS sarearekin duen atxikimendua. Europako Batzordearen ekimena da, eta Europa osoko hiriak biltzen ditu garraio garbi, eraginkor eta inklusiboko irtenbide berritzaileak bultzatzeko. CIVITAS City Declarationen sinadura Beatriz Artolazabal alkateorde eta Espazio Publikoko zinegotziak egin du, hiriaren ordezkari gisa.
“Gasteizek hogei urte baino gehiago daramatza CIVITASen parte aktibo izaten, ezagutzak partekatzen, berritzen eta mugikortasun jasangarria hiri osasungarriagoak eta bizigarriagoak eraikitzeko giltzarria dela frogatzen. Sare horretako kide izateak esan nahi du hiri berdearen, klimaren aldetik neutroa den eta Europarekin konprometitua dagoen eredu baten aldeko apustua egiten jarraitzea“, azpimarratu du Artolazabalek sinaduraren ostean.
Arabako hiriburuak historikoki oso rol aktiboa izan du CIVITASen barruan. 2012an, CIVITAS Nazioarteko Konferentziako anfitrioia izan zen. Bertan, Europako ehunka aditu eta arduradun bildu zituen, eta arrakasta izan zuen bai antolaketan, bai parte-hartzean. Hala, Gasteiz Europako hiri mugikortasunari buruzko eztabaidaren erdigunean kokatu zuen. Gainera, aurreko legealdian, garai hartako Hirigintzako zinegotzi eta alkateorde Ana Oregi CIVITASeko Batzorde Politikoko kide izan zen, eta, horri esker, hiriak presentzia izan zuen sarearen erabaki estrategikoak hartzerakoan.
Europako Batzordeak 2002an abian jarritako CIVITAS ekimenak hirien arteko lankidetza sustatzen du, hiri garraioko sistema jasangarriagoetarako trantsizioa bizkortzeko. Gaur egun, 300 hirik baino gehiagok osatzen dute komunitate hori, eta esperientziak trukatzea eta mugikortasunean berrikuntza sustatzea du helburu.