CEAren Green Lab ekimenaren 2017. urteko balantzea
CEA Green Lab beka programa Olarizuko etxaldean dago errotuta, eta 2017ko maiatzetik dago lanean Vitoria-Gasteizko ingurumen eta lurralde kudeaketa hobetzeko ideia berritzaileak ikertzen.
2017an honako garapenak izan dira bere lanean.
Paisaia
Udalerriko paisaiaren ordenamendurako tresnak sortzen ari dira. Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPOa) berrikuspen fasean dagoenez gero, lurraldearen kapitala iraunaraztera zuzendutako eraldaketa jokaleku posibleekin lan egitera bideratu dira bekaren ahaleginak. Emaitzak dokumentu batean bildu dira, HAPOaren berrikuspenean gara daitezkeen proposamen zehatz modura, eta artikulu bat ere prestatu da material horrekin. Aldi berean, Paisaiaren Nazioarteko Lantegi baten programazioa ari da prestatzen. Lantegi horren gaia Eraztun Berdearen etorkizuna izango da, 2018an berau sortu zela 25 urte izango baitira.
Lurzoruak
Abian dauden zenbait proiektu laguntzen ari da beka hau. PhytoSUDOE eta Lermanda inguruko leheneratze proiektua daude horien artean, eta egindako lanen artean, 2017an egin zen eta 2018an berriro egingo den udako ikastaroa dago. Horrez gain, udalerriko hondakin organikoak, esaterako “hügekultur” deritzona eta inauste eta segen hondarrak, baliatzen ari dira lurzoru narriatuen leheneratzean erabiliak izan daitezen. Leheneratutako zoru horietan energia iturri gisa erabil daitezkeen landaketak eta laboreak ari dira egiten, biomasa galdarak eta nekazaritzako traktoreak elika daitezen. Bestalde, Neikerrekin eta nekazaritzako bekarekin batera, lurzoruei buruzko herritarren zientziako programa bat diseinatzen ari da. Programa horri 2018ko udaberrian ekingo zaio.
Azpiegitura berdea
Vitoria-Gasteiz hiriko berdearen eredua definitzeko prozesuaren baitan, egun Azpiegitura Berdeak duen egoera aztertu da. Hiriko espazioek ingurumen zerbitzuak sortzeko duten potentziala ikertu da, eta batez ere gune berdeen ikuspegi sistemikoa eta horien eta herritarren artean sortzen diren loturak landu dira. Hori dena laburpen dokumentu batean bilduko da. FAOrako artikulu bat ere prestatu da 250.000 zuhaitzen proiektuaren inguruan, eta nazioarteko argitalpen batean argitaratzea espero da. Bestalde, Salburu auzoan aplikatutako zenbait proiektutan biodibertsitate estrategia lantzen ari da.
Nekazaritza jasangarria
Lan nagusia nekazaritzako elikagaien sektoreko praktika onak biltzea izaten ari da. Lan hori fitxatan laburbilduko da, bai administrazio publikoek zein elkarteek edo herritarrek Gasteizen praktikan jarri ahal ditzaten. Nekazaritzako Elikagaien Estrategiako zenbait helburu sustatu asmoz, hirian nekazaritza parke bat sortzeko eredu bat definitzen ari da, eta merkaturatze zirkuitu laburrak aztertzen hasi gara. Lan horiek 2018an zehar hasiko dira emaitzak sortzen.
Klima aldaketa
Ikerketa lerro hau Araba Erdialdeko Bioeskualdea izan daitekeena ari da aztertzen: lurraldearen ezaugarriak eta iriste eremua zehazten ari dira, eta lan horiek dokumentu batean bilduko dira. Horrela, 2050ean karbono neutroa den lurralde bat osatuko duten proiektuak eta ekintzak garatzeko espazio bakan eta bizia sortu nahi da. Era berean, i-TreeECO aplikazio informatikoa aplikatzen ari da, Gasteizko hiri zuhaitzek sortutako zerbitzu ekosistemikoak kalkulatzeko, bai ingurumenaren zein ekonomiaren ikuspuntutik. Lan horren bitartez, zuhaitzen etorkizuneko kudeaketa hobetu nahi da.
Ingurumen erantzukizuna
Beka horrek ingurumen hezkuntza eta herritarren parte-hartzea du ardatz. Zeharka egiten da lan esparru horietan, denon parte-hartzea derrigorrezkotzat baitu hirirako eredu berriak definitzeko orduan. Gasteizko ingurumenaren inguruko sentsibilizazioak eta parte-hartzeak duten potentziala analizatu ondoren (dokumentu batean bildu dira ondorioak), Green Lab ekimenaren gizarte loturak ahalbidetzeko lana egingo da, esaterako Nekazaritzako Elikagaien Estrategiak behar dituen zirkuitu laburren sustapenean. Horrez gain, Green Lab beraren sare sozialak eta bloga abian jarri dira, hari lotutako lanen eta jardueren zabalkundea egiteko.