CEAren 2013ko jardueren oroitza txostena
CEAren 2013ko jardueren oroitza txostena (gaztelaniaz)
Vitoria-Gasteizko Agentzia Energetikoa (AEVI) 2007an sortu zen eta CEAren mende egotera 2013an igaro zen. Urte horretan zehar hainbat proiektu jarri zituen abian udal jardueretan energiaren erabilera eraginkorra sustatzeko eta energia jasangarriak garatzeko. Horrez gain, Agentziak toki garrantzitsua betetzen du herritarren sentsibilizazioaren alorrean, Energia Iraunkorraren Europar Astea bezalako ekimenen bidez.
Bestalde, 2013an zehar ohiko egitasmoak garatzen jarraitu ziren CEAren gune eta ekipamenduei lotutako ingurumen sentsibilizazio eta hezkuntzaren alorrean. 2012tik ekipamendu berri bat dugu, Olarizuko lorategi botanikoa, eta 2013an 500 ikasleren partaidetza izan zuen bere jarduera egitarauan.
Atariak Eraztun Berdeko ekipamenduetako nagusia izaten jarraitzen du, eta 2013an 70.000 bisitari izan zituen, asko eta asko urtean zehar programatzen diren jardueren eskaintza oparoak erakarrita. Eskolako jardueren atalean 62 ikastetxetako 4.894 ikasle bertaratu ziren, eta jende orori zuzendutakoen artean 182 jarduera egin ziren: bisita gidatuak talde antolatuentzat, ikastaroak, lantegiak, hitzaldiak, familientzako jarduerak, natur ibilbideak eta erakusketak.
Herritarren partaidetza eta komunikazioa sustatu asmoz, 2013an bi ekimen berri jarri ziren abian, beste batzuen artean: Gasteizko hiri baratzeen sare bat eta bioaniztasunaren kontserbaziorako herritarren zientzia sare bat. Hiri baratzeen sarea 2013ko udaberrian abiatu zen eta CEAk kudeatutako blog bat darabil komunikazio tresna nagusi gisa. Bloga topagune bihurtu da herritarrak, elkarteak, ikastetxeak eta beste agente batzuk bildu eta Gasteizen hiri baratzeak sortu eta dinamizatzeko. Herritarren zientziako proiektua, berriz, Ingurumen eta Espazio Publikoko Sailarekin elkarlanean jarri zen abian eta bere asmoa da herritarrak natur ingurunearen segimenduan inplikatzea, haien laguntza sustatuz ingurumen kontserbazioko zereginetan eta jendeak dituen ezagutzak eta ingurumen sentikortasuna handituz.
Europa mailako proiektuetan ere lanean jarraitu zuen CEAk, esaterako mugikortasunaren alorreko MODERN (CIVITAS+), proiektuan, mugikortasuna eta energia eraginkortasuna uztartzen zituen Naviki proiektuan, hiri plangintza eta kudeaketarako tresnak garatzen dituen urbanAPI proiektuan, ureztatze sistema adimentsuak garatzeko IRRIGESTLIFE proiektuan eta ibilgailu elektrikoak sustatzeko ICT4EVEU proiektuan. 2013ko azaroan MOVESMART proiektua jarri zen abian, hiriko joan-etorrietan mugikortasun modu jasangarriak sustatzeko asmoz.
Azkenik, ezin aipatu gabe utzi CEAk udalaren beste sail eta zerbitzu batzuekin egin dituen lanak hainbat esparrutan: hiriko azpiegitura berdean, bizikleta bidezko mugikortasunean, jarduera fisikoan eta osasunean eta klima aldaketaren aurkako borrokan adibidez.