CEAk europar proiektu berri bati ekin dio, klima aldaketaren aurkako borrokaren esparruan lan egiteko
CEA bazkide gisa arituko da, Gasteizko Udalaren izenean, INTENSIFY (More Carbon Reduction through Intense Community Engagement) europar proiektuan. Lana bost urtez luzatuko da, 2023. urteko maiatza arte.
Proiektua Interreg Europe deialdiaren baitan antolatu da, eta Almadak (Portugal) lideratzen du. Guztira nazioarteko bederatzi bazkidek hartuko dute parte, eta helburua izango da klima aldaketaren aurkako borrokan tokiko zein eskualde mailako politikak hobetzea eta karbono gutxiko gizarteak eta ekonomiak lortzea, erregai fosilen erabilera ahalik eta gehien murriztu dadin eta horrela atmosferara igortzen diren berotegi efektuko gasak ere txikiagotu daitezen.
Vitoria-Gasteiz eta Almada hiriekin elkarlanean, Irlanda, Erresuma Batua, Italia, Alemania, Eslovakia eta Kroazioako hiri eta eskualdeak arituko dira. Aurrekoez gain, Lituaniako bazkide teknologiko batek esperientzien elkartrukea eta bazkideen ikasketa prozesua koordinatuko du.
CEAk 250.000 euroko aurrekontua izango du proiektuaren baitan aurreikusi diren jarduerak garatzeko, eta horietatik, Interreg Europe programak % 85 ordainduko du. Une honetan Gasteiz proiektuarekin lotutako zenbait lanetan ari da, esaterako Klima Aldaketaren aurkako Borrokaren Plan berriaren definizioan, Trantsizio Energetikorako Estrategiaren prestaketan eta Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren eguneraketan.