eues

Albistea

CEAk energia elektrikoa erosteko bide alternatiboak aztertzen dituen ikerlan bat aurkeztu du

> Egungo aukeren aurrean formula alternatiboak erabilita energia elektrikoa erostearen bideragarritasuna ingurumenaren, gizartearen, ekonomiaren eta legearen ikuspuntutik aztertzen duen ikerlana (es)

Bonbilla

CEAk, Energiaren Agentziaren bidez, elektrizitatearen merkatuan energia zuzenean erosteko eta udalaren energia-merkaturatzaile bat sortzeko aukerak aztertu ditu azken hilabeteetan. Energia Gara/Som Energia enpresak landu du Udal Gobernuak Ahal Dugu taldearekin sinatutako akordio baten ondorioz agindutako azterlana, eta aukera bakoitzaren abantailak eta desabantailak aztertu ditu.

"Udala energia-eredu ezberdin baterantz jotzeko hausnarketa eta lan prozesu batean ari da. Horrenbestez, garrantzitsua da azterlan hori epe ertainerako estrategia baten barruan sartzea, 2020tik 2030era bitartean gauzatu daitekeen trantsizio energetikorako plan posible batean pentsatuz, Klima Aldaketaren kontra Borrokatzeko oraingo Planaren indarraldia bukatutakoan klima aldaketaren politikari dagokionez ezarri beharreko helburu berriekin bat. Bilakaera horren helburua aurrezpena, eraginkortasuna eta energia berriztagarrien ezarpena izango da, baita Udalak zein herritarrek ingurumen balioak bereganatzea ere, eta ekintza zehatzak eta ongi koordinatuak jaso beharko ditu. Orain badugu informazio gehiago ematen digun dokumentu berri bat Udalean -esparru teknikoan, politikoan eta sozialean- eztabaida pizteko, eta hori lagungarria izango da erabaki onena hartzeko”, adierazi du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi eta CEAko lehendakari Iñaki Prusillak. “Urtean 18 milioi eurotik gorako gastua dugu energian, eta murriztu egin behar dugu”, gogorarazi du.

Azterlanak positibotzat jotzen du Udalak azken urteetan egin duen lana, energiaren alorrean hainbat estrategia garatu baitira (mugikortasun eta garraioarekin lotutako planak, argiteria publikoarekin lotutakoak, orain egiten ari den energiari buruzko diagnostikoa…), baita klima aldaketaren prebentziorako ere. Era berean, trantsizio energetikorako estrategian eman beharreko hurrengo pausoei buruzko zalantzak argitzen ditu.

Udalak sistema elektrikoan parte hartzeari dagokionez, dela energia-merkaturatzailea sortuz dela zuzenean erosiz, azterlanean ondorioztatzen da jarduera-ildo bideragarriak direla, baina badutela arriskurik: merkatuaren portaeraren mende egotea (merkatu aldakorra baita, baita legedia ere) eta lehenengo urteetako kostu handiak. Erosketa aurreikuspenak ere arriskua ekar lezake, kontsumitzaileen eskaeran bat-bateko aldaketarik balego handitu egingo bailitzateke energia elektrikoaren eskuratze-kostua, eta ondorioz, desbideratze handiagoak sortuko.

Gainera, Udalak langile gehiago beharko lituzke jarduera horiek eraginkortasunez burutzeko. Txostenaren arabera, bost urteko epean lortutako aurrezpena mugatua litzateke. Kalkuluen arabera, udal merkaturatzaile baten kasuan, fakturaren % 1,6 aurreztuko litzateke gehienez, eta Udalak merkatuan zuzenean erosiko balu, % 2,7, hasierako epe horretan udal beharrak asetzeko faktura elektriko osoa 8.797.354 eurokoa izango dela jota.

Aukera ezberdinek etorkizunean izan dezaketen jarraipena ere deskribatzen du txostenak. Guztiaren gainetik, aintzat hartzen du hirian energia berriztagarriak garatzeko estrategiarekin jarraitzea, mugikortasun publiko iraunkorra (garraio publikoaren elektrifikazioa eta beste) sustatuz, baita pobrezia energetikoaren kontrako borrokan izan daitezkeen aukerak aztertzea.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala