Albistea

Gasteizen lanera joateko sortu den carpooling zerbitzuak Energia Aurrezteko Ziurtagiriak (EAZ) sortuko ditu

Karosen eskutik CEAk bultzatutako pilotua merkaturatu zenetik, 1.800 gasteiztarrek baino gehiagok bat egin dute lanera autoz partekatutako bidaien plataformarekin, eta 62.000 ibilbide partekatu baino gehiago egin dituzte, 103,5 tona CO2 baino gehiago isurtzea saihestuz. Hori 75 familia baino gehiagoren urteko kontsumo elektrikoaren parekoa da. 

Hortaz, Vitoria-Gasteiz energia alorreko pizgarrien sistema hori eguneroko mugikortasunari zuzenean aplikatzen dion Estatuko lehen hirietako bat da, eta mugikortasun adimentsu eta kolaboratiboan erreferente bihurtu da. Uztailaren 1etik aurrera, 10 kilometrotik gorako edozein ibilbide partekatuk diru-sari gehigarri bat sortuko du, bai gidatzen duten pertsonentzat, bai bidaiarientzat, energia aurrezten laguntzeagatik. 

EAZk Estatuak sustatutako pizgarrien bide berri bat dira, eta Karosek bide hori ezartzea erabaki du, erabiltzaileen komunitateari autoa partekatzen laguntzeko. 

  • Gidariek gehiago irabaziko dute partekatutako ibilbide bakoitzeko. 
  • Bidaiariek gutxiago ordainduko dute eguneroko joan-etorriengatik. 

Zer dira EAZk? 

Energia Aurrezteko Ziurtagiriak (EAZ) Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak (MITECO) bultzatutako mekanismo ofizialak dira. Energia kontsumoa murrizten duten ekintzak neurtzea eta sustatzea du helburu. Ziurtagiri bakoitzak aurreztutako energia kopuru espezifiko bat ordezkatzen du, kilowatt ordutan adierazita (kWh). Sistema horri esker, ohitura jasangarriagoak hartzen dituzten pertsonek (autoa egunero partekatzea, adibidez) zuzeneko konpentsazio ekonomikoa jaso dezakete. 

Orain, Karosek bere aplikazioan inplementatu du sistema hori, erabiltzaileen aurrezpen energetikoak EAZ bihurtzeko, automatikoki eta ahalegin gehigarririk egin gabe erabiltzaileentzat. 

Nola lor dezakete onura Gasteizko herritarrek? 

Gasteizko herritarrek uztailaren 1etik aurrera jaso ahal izango dute neurri hori. Edonork aktibatu ahal izango ditu EAZ sariak, aplikazioaren bidez inprimaki bat betez. Hortik aurrera, 10 kilometrotik gorako ibilbide partekatu bakoitzak onura ekonomiko gehigarriak sortuko ditu. Era berean, aipatzekoa da uztailaren 1a baino lehen autoa partekatu duten pertsonek urritik aurrera jasoko dituztela dagozkien EAZk, atzeraeraginezko izaerarekin. 

Interesa dakizuke