Bizikletaren Behatokiak Vitoria-gasteizko txirrindularien portaera aztertu du berriro ere
> Vitoria-Gasteizko txirrindularien portaerari buruzko txostena, 2017. urtea
2012. urtetik Bizikletaren Behatokiak, CEAren aginduz, ikerketa bat egiten du Gasteizko txirrindulariek duten portaeraren inguruan. Bizikletak nondik dabiltzan (bizikleta bideetatik, trafiko lasaituko kaleetatik, bizikletentzat aurkako zentzuan erreserbatutako lerroetatik, bizikleta azpiegitura ez duten kaleetatik) aztertzen da, argiak eta islatzaileak erabiltzen dituzten ala ez, eta lapurreten aurkako gailuen kalitatea eta segurtasuna ere bai. Azterketa egiteko, hiriko zenbait kale nagusitan txirrindulariek duten portaera behatzen da. 2017an azterketaren orain arteko azken bertsioa egin zen.
Txirrindulariak espaloietatik
Txirrindulariek oinezko esparruak (batez ere espaloiak) erabiltzen dituzten ala ez aztertzean, ikusi da, ehunekotan, erabilera hori antzera mantentzen dela 2014tik hona. Oraindik ere, bizikleta erabiltzaileen % 28 inguru espaloietatik dabiltza aztertutako kaleetan.
Zirkulazioa espaloietatik | 2014 | 2015 | 2017 |
---|---|---|---|
Ez | % 72,2 | % 70,6 | % 71,7 |
Bai | % 27,8 | % 29,4 | % 28,3 |
Aztertutako kaleen artean, Errege-erregina katolikoen kalea da txirrindulariek espaloia gehien erabiltzen dutena (% 78). 2015ean ere berdina izan zen ehuneko hori, baina 2014arekin alderatuta, 4 puntu jaitsi da. Kale horrek motordun ibilgailuen intentsitate handia du eta ez da oso erosoa bizikletaz ibiltzeko. Gainerako kaleei dagokienez, 2015. urtearekin alderatuta, espaloien erabilera igo egin da Donejakue, Florida eta Frantzia kaleetan, eta jaitsi egin da Gorbeia, San Antonio eta Alaba Jeneralaren kalean.
Portaera bidegurutzeetan, argien erabilera eta giltzarrapoen erabilera
Beste alde batetik, txirrindulariek semaforo bidez erregulatutako bidegurutzeetan zein portaera duten aztertzen du. Olagibel eta Bake kaleen bidegurutzea erabiltzen da behaketa horretarako. Ikusi denez, joera positiboa da argi gorriaren errespetuari dagokionez. 2015arekin alderatuta 4,7 puntu hobetu da portaera, eta 2014arekin alderatuta 6 puntu. Orobat, emakumeek gizonek baino gehiago errespetatzen dute (% 77 eta % 64,5, hurrenez hurren).
Argien erabilerari dagokionez (behaketa eguzkia ezkutatu ondoren egin zen), igo egin da beren erabilera, baina oraindik ez da nahikoa, kontuan izanik oso garrantzitsua dela txirrindularien segurtasunerako eta hainbat kanpaina egin direla horren inguruan. Hala ere, kontuan hartzekoa da 2014an bizikleta erabiltzaileen laurdenak zeramatzala argiak, eta 2017an jadanik erdia zirela. Horrez gain, kasu horretan ere emakumeen eta gizonezkoen arteko desberdintasun nabaria behatu zen (lehenen artean % 64,4 argiekin zioan, eta bigarrenen artean, % 43,6 besterik ez).
Lapurreten aurkako gailuen erabilera aztertuta, behatu da 17 puntu igo dela katea formatuko giltzarrapoen erabilera, eta espiral motakoen erabilera neurri berean jaitsi dela. Izan ere, kateazkoak espiralezkoak bezain erabilerrazak dira, baina seguruagoak. Segurtasun handiagoko giltzarrapoen erabilera ez da askorik aldatu: U motakoak % 0,5 igo dira, eta artikulatuak % 1,9.
Bizikletak non lotzen diren aztertuta, ikusi da hiriko altzarietara eta zuhaitzetara lotutako bizikleten kopurua igo egin dela (% 3,2 eta % 1,1 2014tik, hurrenez hurren). Gogoan izan araudiak ez duela horrelakorik onartzen eta hainbat kanpaina egin direla portaera hori zuzentzeko.
Txirrindularien dentsitatea
Azterlanaren helburu nagusia ez izan arren, aztertutako kaleetatik zenbat txirrindulari igaro diren ere zenbatu da. Eguraldi onak edo txarrak izan dezakeen eraginaz haratago, ikusi da bizikleten zirkulazioa nabarmen hazi dela. 2017. urtean bi urte lehenago baino % 17 txirrindulari gehiago zenbatu zen, eta 2014arekin alderatuta % 80 gehiago.
Bestalde, datuek erakusten dute bizikleta azpiegiturarik edo trafikoa lasaitzeko neurririk ez duten kaleek txirrindularien joan-etorri gutxiago dituztela. Esan daiteke txirrindulariek gehiago erabiltzen dituztela seguruagotzat dauzkaten kaleak. Izan ere, txirrindulari kopurua handitu ez den kale bakarra Errege-erregina katolikoen kalea da; hain zuzen, inolako bizikleta azpiegiturarik ez duen kalea, zirkulazioa galtzadatik egin behar dena eta motordun ibilgailuen zirkulazio handia duena.
Ikerlanean behatu da gizonezkoek gehiago erabiltzen dutela bizikleta (% 64,6) emakumeekin alderatuta (% 35,4), baina desberdintasun hori txikiagoa dela bizikleta bide bereiziak dituzten kaleetan. Badirudi txirrindularientzako espazio bereiziak izateak asko eragiten duela emakumeen bizikleta erabileran.