BEI protagonista izango da Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen 20. urteurrenean
Irailaren 16tik 22ra bitartean kontinente osoko 2.000 hiritan egingo den Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen aurtengo edizioa aurkeztu du Gasteizko Udalak gaur. Hain zuzen ere, 20 urte beteko ditu Europako Batzordearen ekimenak, mugikortasun iraunkorraren aldaketak herritarren osasunaren hobekuntzarekin lotzen dituen goiburuarekin: “Zure osasunagatik, mugi zaitez modu iraunkorrean”. Azken bi hamarkadetako lorpenak aldarrikatzeko programa bat prestatu du Arabako hiriburuak. Izan ere, aste horretan probatu ziren proiektu pilotuak izan ziren horietako zenbait, hala nola, Judimendiko Tornay Medikuaren kalean berriki egin den esku-hartze berria, edo beste zenbait, Antso Jakitunaren kalekoa, Foru kalekoa eta San Antonio kalekoa kasu, edo erdialdeko superetxadia.
“Estatuko lehen hirietako bat izan zen gurea, aste hau ospatzen, eta geroztik izan dituen edizioak laborategi gisa baliatu izan dira, mugikortasunean eta espazio publikoan izan diren hainbat aldaketa probatu eta bultzatzeko. Herritarrengana hurbiltzen, hiriko mugikortasun-proiektuak hurbiletik azaltzen eta herritarren iradokizunak bertatik bertara jasotzen laguntzen digu aste hori ospatzeak”, nabarmendu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.
Programa
Datorren ostegunean, irailak 16, hasiko da programa, kale-jarduera batekin, Andre Maria Zuriaren plazan, urte hauetan guztietan ibilgailu pribatuari irabazitako espazioari buruz ohartarazteko asmoz, horrek gure eguneroko bizitzan izan duen eragina erakutsiz —osasunean, aisialdian, harreman sozialetan, baita ekonomikoan ere, merkataritza-ardatz berriak bultzatu baititu—. Egun berean, Tecnaliak bultzatutako mugikortasun iraunkorraren inguruko jardunaldia egingo da Atarian.
Irailaren 17an, ostiralez, oinezko martxa bat egingo da, 20:00etan, “Hiri lasaitua eta osasungarria” izenburupean, Mugikortasun Iraunkorraren Planaren barruan eraldatu diren espazio urbanoetan barrena. Udal-teknikariek eta osasunaren arloko profesional batek gidatuko dute jarduera hori, zeinek azalduko baitute bai espazioaren eraldaketa, bai gure ongizatean duen eragina. Parte hartu nahi dutenek Udalaren webgunearen bitartez eman ahal izango dute izena, eta kamiseta bana jasoko dute, doan.
Asteko jarduera nagusia irailaren 18an izango da, larunbatez, Terrorismoaren Biktimen Memorialaren inguruan; izan ere, birmoldatu egingo da espazio hori aurki, eta herritarrek erabiltzeko plaza handi bat egingo bertan. 11:00etatik 14:00etara bitartean, mugikortasun iraunkorraren eta gure osasunean dituen onuren inguruan sentsibilizatzeko jarduerak egingo dira. Bertaratzen direnek, Euskal Herriko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialaren eskutik, modu iraunkor eta osasungarrian nola mugitu jakin ahal izango dute, eta oinez, korrika nahiz bizikletaz modu egokian ibiltzeko aholkuak jasoko dituzte. Osasun mentalari buruzko lantegietan ere parte hartu ahal izango dute, Ediren kooperatibaren eskutik, eta haurrek, berriz, lantegi artistikoetan, beren hiri ideala eraikitzeko. Bestalde, mugikortasunarekin zerikusia duten hiriko hainbat saltoki ere instalatuko dira bertan, aholkuak eta produktuak eskaintzeko, eta Udalak bultzatutako proiektuak ezagutaraziko dira, hala nola Bici-Cargo. Leku berean, BEI bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da, unitateetako bat bertan izango baita, herritarrak igotzerik izan dezaten. Informazio-gune zentral bat izango da, musikarekin.
Irailaren 20an, astelehenez, mugikortasunari eta osasunari buruzko jardunaldi bat izango da, bi alor horietako adituekin, mugikortasun iraunkorragoak gure bizi-kalitatea eta osasun fisiko eta mentala zenbateraino hobetzen duen eztabaidatzeko. Udalaren webgunearen bitartez eman ahal izango da izena.
Irailaren 21ean, asteartez, Egibideko ikasleek eta Udalaren adinekoen zentroetako pertsonek “8 80 hiriak” lantegiko ondorioak azalduko dituzte udaletxean. Hain zuen ere, bi kolektibo horiek hirian barrena mugitzeko dituzten benetako beharrak azaleratzea baitu helburu lantegiak.
BEIren lehen ibilbidea, bidaiariekin
Irailaren 22an bukatuko da programa, ‘Hiria nire autoa gabe’ Europar Egunean, BEI garraiobide berria herritarrengana hurbildu nahi duen ekimen batekin: Boulevardeko eta Mendizorrotzeko geltokien arteko ibilbide gidatuak. Ibilbide horietan, ibilgailua probatu ahal izango dute herritarrek, eta bertatik bertara ezagutu garraio-sistema horren ezaugarriak: irisgarritasuna, segurtasuna, iraunkortasuna, maiztasunak, txartelak eskuratzeko modua eta abar. Parte hartu nahi dutenek Udalaren webgunearen bitartez eman ahal izango dute izena, lekua bermatzeko, baina sarrera librea izango da, edukiera bete arte.
Udalak, halaber, hiriko mugikortasun iraunkorraren 20 urte hauei buruzko bideo bat kaleratuko du, aldaketen berri emateko, bertatik bertara bizi izan dituzten gasteiztarren ahotik.