Autoaren ordez mugikortasun modu aktiboak erabiltzea Vitoria-Gasteizen... posible ote da?
Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Centro de Investigación del transporte (TRANSyT) zentroko zenbait kidek ikerlan bat egin zuten 2018an zehar Gasteizen, automobilez egiten ziren bidaietako zenbat ordezka zitezkeen mugikortasun modu aktiboekin (oinez ibiltzea, bizikleta) identifikatzeko. Horrez gain, herritarrek aldaketa hori egiteko somatzen dituzten oztopo nagusiak aztertu zituzten.
Etxez etxe egindako inkesta batetik abiatuta, gasteiztarrek modu aktiboak erabilita ibiltzeko prest dauden distantziak kalkulatu zituzten. Oinez 1,6 km eta bizikletaz 3,5 km egiteko prest zeuden, batez beste, inkestatutako herritarrak. Ondoren, distantzia horiek autoz egindako bidaiekin alderatu ziren. Autoen bidaien datuak ere inkesta berean eskuratu ziren. “Emaitzak iradokitzen dute, Vitoria-Gasteizen, auto bidez egindako bidaien % 20 inguru oinez egin zitezkeela, eta % 40a arte bizikletaz egin zitezkeela”, esan zuen ikerketan parte hartu zuen ikertzaileetako bat den Belén Martínek.
Bestalde, modu aktiboekin ordezkatuak izateko potentzialtasuna zuten bidaiak kalkulatu ondoren, aldeketa hori egiteko inkestatuek somatzen zituzten oztopo nagusiak aztertu ziren. Arazo nagusiak segurtasunari eta alderdi praktikoei lotutakoak izan ziren: bizikletentzako aparkalekuen eskasia, egin beharreko konponketak edo bizikleta bideen eskasia.
Bai lortutako distantzia atalaseak bai autoz egiten diren bidaia laburren ehunekoaren datua abiapuntu ona izan daitezke definitzeko zein puntutaraino garraio politikek eragina izan dezaketen moduen aldaketan.