Aurrera darraite Vitoria-Gasteizen elektromugikortasuna sustatzeko proiektu pilotuek
CEA hiru ekimenetan ari da parte hartzen, Udalarekin eta beste eragile batzuekin elkarlanean, mugikortasun elektrikoa sustatzeko Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren printzipioekin bat eginda.
Taxien esparruan, udazken honetan zehar diru laguntzen deialdi bat irekiko da taxi jabeek ibilgailu elektrikoak eros ditzaten errekuntza motordun ibilgailuak ordezkatzeko. Diru laguntza jasotzeko, ibilgailuek izan beharko dute ibilgailu elektriko puruak eta 2018an zehar erosiak. Udalak 60.000 euro ipini ditu lehen deialdi honetan.
Bigarren ekintzan, merkatugaiak banatzeko edo eguneroko beste zenbait lanetarako flotak erabiltzen dituzten enpresei zuzendutako kanpaina bat egingo da. Ibilgailu elektriko bat utziko zaie astebetez, erabiltzaileek bere ezaugarriak ezagutu ditzaten eta eman beharreko zerbitzuari ongo egokitzen diren analiza dezaten. Ibilgailuarekin batera, kargarako puntu bat duen aparkaleku bat utziko zaie Iradier Arenan, Artiumen edo José Mardones kalean, eta puntu hori 24 orduz erabili ahal izango dute doan. Kanpaina irailaren bukaeran hasi zen eta hiruhileko osoan iraungo du. Espero da 30 enpresa edo langile autonomok ibilgailua probatzeko aukera izango dutela.
Bizikleta elektrikoari dagokionez, CEAk kanpaina bat jarri zuen abian urrian Gasteizko industrialdeetan dauden enpresetako langileen mugikortasuna bibikleta elektrikoen bidez gauza dadin. Deialdia arrakastatsua izan da, dagoenenko 31 enpresatako 82 pertsonak agertu baitute interesa ekimenean. Bizikletak bi astez uzten zaizkie langileei, eta helburua da proba egunen ondoren pertsona horiek bizikleta elektriko bat eros dezaten animatzea. Enpresek ere ahalegintxo bat egin behar dute: bizikleta horiek seguru aparkatzeko esparru bat izan behar dute enpresaren lursailaren barruan, eta kanpaina langileen artean ezagutarazi behar dute.
Hiru ekintzon bidez, ibilgailu mota horien alde egiteko jende askok duen oztopo nagusia, ezagutza falta, gainditu nahi da.