Aurrera darraite Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana berrikusteko lanak
Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana hasi zenetik hamar urte igaro ondoren, planaren alderdietako batzuk birformulatu beharra dago, udalerriko mugikortasun sisteman aldaketa ugari gertatu direlako, eta inplikatutako agenteen eta herritarren ikuspegia eta itxaropenak ere eboluzionatu direlako. Horrenbestez, datozen urteetan eman beharreko pausoak zehaztuko dira berrikuspenean.
Laster esleituko dira etorkizunerako bide orri hori garatuko duen dokumentu teknikoa idazteko lanak. Dokumentuaren oinarria udal teknikariek azken urteotan egindako lana izango da nagusiki, bai eta Mugikortasun Elkargunean landutako diagnostiko partekatua ere. Parte-hartze prozesua ekainean hasi zen Elkargunearen baitan.
Hautatutako enpresak hiriko joan-etorrietan eragina duten faktoreen analisia egingo du, datuak bilduko ditu, hainbat alorretako mugikortasun eskaera aztertuko du, bai eta Gasteizko azpiegiturak (oinezkoentzat, bizikletentzat, garraio publikoarentzat, ibilgailu pribatuentzat, intermodalitatea, salgaiak…) ere. Orobat, beste faktore batzuk hartuko ditu kontuan: bide segurtasuna, garraiobide ezberdinek sortzen duten kutsadura eta zarata, eta abar.
Ekintza planak neurri eta ekintza zehatzak, aurrekontua eta gauzatzeko epeak jasoko ditu. Planak datozen urteetan Gasteizko mugikortasunak jarraituko dituen politikak gidatuko ditu. Horretaz gain, adierazle multzo bat zehaztuko da, mugikortasun sistema berria zenbateraino betetzen den neurtzeko.
> http://vitoria-gasteiz.org/mugikortasuna
> www.vitoria-gasteiz.org/mugikortasunforoa