Abian jarri da Gasteizko autobus-geltokiko doako bizikleta-aparkaleku estali eta zaintzapekoa
> Aparkalekuaren erabilerari buruzko ohiko galderak
Autobus-geltokiko nasen eremuan esparru bat mugatu da fisikoki, txapa zulatua baliatuz, gardentasun maila ertaina lortzearren. Bi ate ditu, bat Donostia kaletik eta beste bat geltoki barrutik. Hartara, bizikleta aparkatu eta zuzenean sartu ahalko da nasen eremura, eta alderantziz. Nasetara sartzeko tornua jarri da. Donostia kalean, berriz, ate lerragarria ipini da.
Fisikoki mugatzeaz gain, iaz Postetxearen atzealdean egindako proiektu pilotuan jarritako bizikleta-aparkalekuaren antzeko kudeaketa-sistema instalatu du Udalak. Modulu berrian orotara 111 bizikleta lotu ahalko dira, bizikleta elektrikoak eta ibilgailu bereziak —zabalagoak— barne; 2018ko urtarrilaren 1era arte guztiz doakoa izango da. Ondoren, abonamendu ezberdinak salduko dira, zerbitzua egun batez edo hilabetez erabiltzeko; azken kasuan, bizikleta hiru egun edo sei egunez utzi ahalko da aparkatuta. Gainera, hirian laster jartzekoak diren beste bost moduluekin sarea osatzea da asmoa.
Lehen egunotan, monitoreen laguntza izango dute zerbitzua probatu nahi dutenek. Bizikleta aparkalekuaren erabilera erraza da, sistemak sentsore, botoi, internet eta mugikorraren bidez funtzionatzen baitu. Aski da aplikazio bat instalatzea, erregistratzea eta aplikazioa edo zenbaki kodea erabiltzea aparkalekuan sartzeko. Orobat sar daiteke 607538087 telefonora deituta. Argibideak web-orri honetan eskura daitezke: www.vitoria-gasteiz.org/bizikleta.
Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak triptiko bat argitaratu du, autobus geltokiko bizikletetan informazioa zintzilikatuko du, eta material grafikoa jarri da autobus geltokian zerbitzu berria seinaleztatzeko.