Albistea

Iaz 500 neurketa baino gehiago egin ziren Gasteizko lurzoruetan, beren osasuna nolakoa den jakiteko

Vitoria-Gasteizko Herritarren Zientziako Sareko Lurzoruak Kontserbatzeko Programaren baitan 500 ebaluazio baino gehiago egin dira 2018tik lurzoruen osasuna ezagutzeko, eta lurzoruen jarraipen parte-hartzailea sustatzeko ekimen garrantzitsuenetako bat da estatuan.

Azken urtean 77 ebaluazio egin dira askotariko tipologia duten lursailetan — parkeak, basoak, baratzeak eta lugorri industrialak —, herritarren eta EHUko ikasleen zuzeneko inplikazioari esker. Emaitzek erakusten dute lurzoruaren egoera nabarmen desberdina dela erabileraren arabera: baratzeak zizareen eta biodibertsitatearen presentzia handiagoagatik nabarmentzen dira, basoek uraren erregulazio motelagoagatik, eta parkeetako lurzoruek industrialdeetakoen antzeko ezaugarriak dituzte.

Programan klima aldaketara egokitzeko eta hiri jasangarritasunerako funtsezkoak diren funtzioak aztertzen dira, hala nola landare ekoizpena, biodibertsitatea, uraren erregulazioa, emankortasuna eta karbono bahiketa. Lurzoru batzuek balio oso positiboak lortzen dituzte biodibertsitatearen edo karbono biltegiratzearen alorrean; beste batzuek, berriz, iragazte edo trinkotze arazoak dituzte, eta horiek hobetzeko neurriak proposatu dira. 2025eko memoria honako estekan kontsulta daiteke.

2024tik hasita, programak LURZAIN tresna digitala du parte-hartzaileei landa datuak sartzen eta konparaziozko diagnostikoak modu errazean lortzen laguntzeko. Gaur egun, plataforma horretan gordetako datuen erdia, gutxi gorabehera, Gasteizko herritarren zientziatik dator.

Lurzorua Gasteizko jasangarritasunerako baliabide bizia, estrategikoa eta oraindik ez oso ezaguna izanik, CEAk, programan laguntzen duen NEIKERekin batera, herritar guztiak animatu nahi ditu hurrengo kanpainetan parte hartzera eta lurzoruaren funtsezko eginkizunaz jabetzera.

Ekimen hau Euskadiko Lurzorua Babesteko 2030erako Estrategiarekin eta Lurzorua Zaintzeko eta Erresilientziarako Europako Zuzentarau berriarekin bat dator, kontuan hartuta bi horien helburuen artean dagoela lurzoruaren ekosistema guztiak osasun egoera onean egotea 2050erako.

Interesa dakizuke