2019an berriro eskainiko da lanerako bizikleta elektrikoen mailegua eta kargako bizikleta zenbait ere utziko dira
2018an Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak kanpaina pilotu bat antolatu zuen industrialdeetako landileek autoa etxean utzi eta lanera bizikleta elektrikoz joan zitezen.
Guztira 34 enpresatako langileek izan zuten interesa kanpainan parte hartzeko. Azkenean Jundiz, Betoñu eta Miñaoko 12 enpresatako 40 pertsonak hartu zuten parte. Parte hartzaileek prestakuntza jaso zuten hasi baino lehen: bizikletaz ibiltzeko zirkulazio arauen informazio gida bat eman zitzaien, bakoitzak etxetik lanera joateko izan ahal zuen ibilbiderik egokiena diseinatu zitzaien eta egun batez lanera lagundu zitzaien bide seguru bat jarraituta.
Esperientzia amaitutakoan, parte hartzaileen iritziak jaso ziren. Partaideen % 97k uste dute horrelako ekimenak lagungarriak direla langileak mugikortasun jasangarriaren onurez jabetzeko. Aurkitu zute arrisku faktore nagusia izan zen bizikletentzako bide berezi gutxi daudela eta azpiegituren egoera ez dela ona, eta horren ondoren, beste modu batzuk erabiltzen dituzten pertsonek enpatia gutxi erakusten dutela bizikleten aurrean.
Parte hartzaileen erdiek bizikleta erabiltzen jarraituko dute lanera joateko garraiobide gisa, bai ohitura osasungarriak izango dituztelako, bai denbora aurrezten dutelako, ingurumenagatik eta ekonomiagatik, etxean erraz aparkatzea ahalbidetzen dietelako edo erosoagoa delako. Horrez gain, erdiek bizikleta elektrikoa erosteko asmoa erakutsi dute.
Bestalde, % 40ak garraiobide hori erabiltzen jarraituko dute azpiegituren baldintzak hobetzen badira: orain dauden bideak konpontzen badira, bide berriak eraikitzen badira orain ez dauden tokietan, argiztapena hobetzen bada, eta industrialdeetako sarbideak sortzen badira, gune horiek arriskutsuak baitira zirkulazio handia dagoelako.
Azkenik, beste bi desabantaila ere aurkitu dituzte parte hartzaileek: bizikletaren pisua eta, batez ere, lapurreten aurreko arriskua, horrek pertsona asko atzera botatzen ditu bizikleta elektrikoa erosteko orduan.
2019ko udazkenean esperientzia errepikatuko da eta kargako bizikleten (ingelesez, “cargo bike”) maileguko proba pilotu bat gehituko zaio. Mota ezberdinetako kargako bizikletak utziko zaizkie herritarrei. Horren helburua, CityChangerCargoBike proiektuaren barruan ezarrita dagoena, haien erabilera herritarren artean orokortzea da, kutsagarriak diren beste garraiobide batzuk ordeztu ditzaten. Kargako bizikletak erabilera askotarako izan daitezke, herritarrek egunero egiten dituztenetatik hasi (erosketak egin, seme-alabak eskolara eraman, pakete eta altzariak mugitu...) eta ekonomiari lotuagoak daudenekin amaituta (zamalan profesionalak egin, gremioen langileen mugimendua erraztu, kafetegiak eta denda mugikor txikiak sortu, etab.)