2018an zehar, Udalak Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana eguneratuko du
Vitoria-Gasteizko Udalak, CEAren eskutik, Bartzelonako Hiri Ekologiaren Agentziari esleitu dizkio ekintza plana idazteko lanak. Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana 2007an jarri zen martxan, eta 2023. urtean amaituko dela espero da. 2017an tarteko ebaluazio bat egin zen egungo egoera ezagutzeko, udalerriko mugikortasun sisteman aldaketa ugari gertatu baitira, eta inplikatutako agenteen eta herritarren ikuspegia eta itxaropenak ere aldatu egin baitira.
Mugikortasun Elkargunearen baitan parte-hartze prozesu bat ari da gauzatzen herritarrek beren ikuspuntuak eman ditzaten gure hirian mugikortasunak etorkizunean izango duen eboluzioaren inguruan.
Hiri Ekologiaren Agentziak hiriko joan-etorrietan eragina duten faktoreen analisia egingo du, datuak bilduko ditu, hainbat alorretako mugikortasun eskaera aztertuko du, bai eta Gasteizko azpiegiturak (oinezkoentzat, bizikletentzat, garraio publikoarentzat, ibilgailu pribatuentzat, intermodalitatea, salgaiak…) ere. Orobat, beste faktore batzuk hartuko ditu kontuan: bide segurtasuna, garraiobide ezberdinek sortzen duten kutsadura eta zarata, eta abar.
Horrekin, ekintza planak neurri eta ekintza zehatzak, aurrekontua eta gauzatzeko epeak jasoko ditu. Horretaz gain, adierazle multzo bat zehaztuko da, mugikortasun sistema berria zenbateraino betetzen den neurtzeko.