Zuhaixken eta fruta-arbolaren landaketa baratzezaintza ekologikoko ekoizpenera bideratutako lursail batean
Gasteizko Udalak, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bidez eta Euskal Autonomia Erkidego osoko hogei erakunderekin batera, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuan ari da parte hartzen, Klima Aldaketaren aurkako Euskal Estrategia - KLIMA 2050 hirigunean hedatzeko. Estrategia horrek berotegi-efektuko gasen isuriak murriztea du helburu, eta, aldi berean, gure lurraldeak klima-aldaketaren aurrean duen erresilientzia bermatzeko lan egitea. Esparru horretan, hiriaren eta landaguneen konexioaren hobekuntzara bideratu du Gasteizek bere esku-hartze pilotuetako bat, hiri-periferiako hainbat sailetan nekazaritza ekologikoa sustatuz.
Jarduera horren helburua da esku-hartzea egingo den sailen nekazaritza-ekoizpena bultzatzea, inguruko biodibertsitatea hobetuz. Nekazaritza alorreko biodibertsitatea –alegia, nekazaritzarekin lotutako dibertsitate biologikoa– biodibertsitate orokorraren azpimultzo bat da, zuzenean edo zeharka elikadurarako eta nekazaritzarako erabiltzen diren animalien, landareen eta mikroorganismoen aniztasunari eta aldakortasunari erreferentzia egiten diona. Nekazaritza-biodibertsitate hori osatzen duten heskaien eta zuhaixken landaketak funtzio anitz ditu: fauna laguntzailearentzako ostatu-efektua, lurpeko eta azaleko uren kutsadura murriztea, higadura hidrikoa nahiz eolikoa kontrolatzen laguntzea eta lursailen mikroklima leuntzeko aukera ematen duen haize-kontrako efektua.
Pasa den neguaren amaieran, hamabost zuhaixka-espezieren berrogeita hamar oin baino gehiago landatu ziern Aberasturi inguruko labore-sail baten ertzean. Gure inguruko bide-bazterretan eta basoetan ohikoak diren espezieak landatu dira, hala nola gurbitza, ezpela, gorostia, gereziondoa eta sagarrondo basatia, besteak beste. Horrela, egitura bizi horrek, ekosisteman ondorio positiboak izateaz gain, balio estetiko handia ematen dio landa-paisaiari.
Lursail berean, fruta-arbolen zenbait espezie landatu dira, fruta ekoizteko eta nekazaritza eta basozaintzaren ekimen berritzaile bat garatzeko, eta horrela, laboreak zuhaitz-plantazioekin integratzen dituen praktika bat garatzeko. Eite handiagoko landare horien jatorria Euskal Herriko Hazien Sarea elkartearen fruta-mintegia da; elkarte horrek 25 urte daramatza gure landaguneetako barietateak berreskuratzeko eta kontserbatzeko lanean.