Zadorrako urtegien larrialdi egoera ia kalterik gabe igaro da
Martxoaren 25ean, Zadorrako urtegien urak hartu zuten maila altua ikusirik, uholdeen aurkako larrialdi planean aurreikusitako prozedura jarri zen abian eta egoera aztertzeko ardura duen erakundearteko mahaia bildu zen. Mahai honetan Vitoria-Gasteizko Udalak hainbat ordezkari dauzka: ingurumen arloko zinegotzi ordezkaria, AMVISAko presidentea eta gerentea, herritarren segurtasunerako saileko zuzendaria eta CEAko teknikari bat.
Urtegien egoera ikusirik eta hurrengo orduetan eurijasa handiak gertatuko zirela zioten iragarpenak kontuan hartuz, mahaiak Uribarri Ganboako urtegiaren uhateak irekitzeko eta 20 m3/s ur askatzeko eskatu zuen aho batez. Hurrengo egunean, Urrunagako urtegia ere egoera kezkagarrian zegoela iritzita, mahaiak presa honetako uhateak ere zabaltzea eskatu zuen, ur kantitate bera askatzeko. Azken erabaki honek aurrekari bakarra zeukan azken 40 urteetan. Ebroko Konfederazio Hidrografikoak berehala bete zituen eskatutako neurriak. Azkenik, martxoaren 27an, iragarpen meteorologikoak ikusita, larrialdi egoera amaitutzat ematea erabaki zen. Itxura batean, kalte arinak besterik ez dira gertatu ibaiertzeko lursail batzuetan.
Nabarmendu behar da aurten ere, iaz gertatu bezala, inplikatutako erakunde guztien arteko ulermen onak krisia modu egokian kudeatzea ahalbidetu duela eta auzian zeresana zuten denen interesak kontuan hartu direla.