Zabalik dago Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren neguko jardueretan izena emateko epea
Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak 140 jarduera antolatu ditu hasi berria den negurako, eta izena emateko epea abenduaren 27an (astelehena) irekiko da. Agendan nabarmentzekoak dira zenbait erakusketa, hala nola “European Wildlife Photographer of the Year”, Alemaniako Natura Argazkilarien Elkartearena, zeina abenduaren 21an jarri baitzen ikusgai Atarian.
Era berean, datorren urteko lehen hiruhilekoan, Atariak beste bi erakusketa eskainiko dizkigu: otsailean, “Argi-kutsadura”, Espainiako Elkarte Astronomikoen Federazioak eta Arabako Elkarte Astronomikoak komisariatua; eta martxoan, “Meeting Landscapes”, Fernando Moleres argazkilari eta bideografo dokumental ospetsuarena.
Atariak antolatzen dituen jardueren artean nabarmendu beharra dago berriro hasiko dela “Natura familiartean” jarduera eskaintzen. Ekitaldi horretan hiru jarduera egiten dira asteburuan zehar –bi larunbatean eta bat igandean– 6 eta 10 urte bitarteko seme-alabak dituzten familientzat, Salburuko natura basatiarekin esperimentatu dezaten; “Mokoak, hankak, lumak” lantegi berria ere aipatu beharra dago, hori ere haurrei zuzendua.
Hitzaldien multzoan, lepidopterologiari buruzko seigarren jardunaldi nazionalak nabarmentzen dira, Zerynthia elkarteak Gasteizko Udalarekiko lankidetzan antolatutako ekimena. Martxoan, Olarizuko etxaldeak bi libururen aurkezpena hartuko du: “IV sondeo Nacional de nutria” eta “Donostiako hegazti habiagileen atlasa”.
Agendak badu beste berritasunik; batetik, zortzi lantegi antolatu dira hainbat gairi buruz (landareen erabilera, infusioak, saskigintza, aire-gozagarriak...) Olarizuko lorategi botanikoan; bestetik, bost ikastaro Atarian, ilustrazio zientifikoa lantzen hasteko, baita mugikorraren kamera modu erdiprofesionalean erabiltzen, eguneko eta gaueko hegaztiak identifikatzen, edo argiarekin pintatzen ikasteko ere.
Azkenik, natura-ibilbideek eta beste familia-jarduera batzuek osatuko dute IGIren neguko agenda.