eues

Albistea

Zabalganak Ortubi gehitu du komunitate-kudeaketako Udalaren hiriko baratzeen sarera

Ortubi baratze ekologikoak

CEAko presidenteak, Ana Oregik, eta Herritarren Partaidetzako zinegotziak, Borja Rodríguezek, Ortubi elkarteak bultzatutako hiriko baratze berria bisitatu dute gaur Borinbizkarran. Elkarteko ordezkariek, Macariok, Teresa, Ciprik eta Gregoriok, auto-kudeatutako baratze ekologiko honen ezaugarri nagusiak eta kudeaketa azaldu dituzte: “bizilagunentzako topalekua da, naturarekin lotura duten jarduerak egin ahal izateko tokia (landaketa, prestakuntza, materia organikoa berrerabiltzea, birziklatzea). Bizilagun askok nahi zuten beren etxeetatik gertu lur pusketatxo bat izan familiarekin eta lagunekin aisialdiaz gozatu ahal izateko eta, bide batez, auzoko jendea ezagutzeko”, azaldu dute Ortubikoek.

Ekimena Zabalortu Elkarteak aurkeztu zuen bizilagunen talde bat ordezkatuz Vitoria-Gasteiz Hobetuz 2018-2019 programa parte-hartzailearen baitan, eta boto gehien jaso zuenetako bat izan zen.

Lursailak 5.000 metro koadro inguru ditu eta Udalaren jabetzakoa da. Borinbizkarra auzoan dago, Henry Morton Stanley eta Hans Christian Andersen kaleen eta Oto hiribidearen artean, eta familiek eta auzoko kolektiboek erabiltzeko baratze-lursailak ditu.

Gaur egun, Ortubi Elkarteak kudeatzen du gunea bizilagunen, gizartearen edo ingurumenaren sustapena helburu duten herritarren elkarteei zuzendutako deialdi publiko bidez aurten emandako erabilera-baimenari esker.

Ana Oregik Zabalganako bizilagunen ekimena nabarmendu nahi izan du “elikagaiak modu jasangarrian lantzeko, auzoko bizitza bultzatzeko, hiriko paisaia hobetzeko eta lurraldearen jasangarritasuna lortzen laguntzeko gunea sortzen duelako. Honen moduko ekintzek agerian uzten dute herritarrek oso barneratuta dutela gure planetarekiko konpromisoa. Atsegina da nekazaritza ekologikoarekin lotutako jardunbide egokien sustapen eredugarri hori, elikadura osasungarria eta hirian nekazaritzako tradizioak berreskuratu direla egiaztatzea. Eta hori guztia komunitatearen partaidetza oinarri duen espazio publikoaren erabilerari esker gauzatu da. Oso suspergarria da, gainera, ikasketarako iturri gisa gure adinekoekin batera belaunaldiarteko katea nola sendotzen den ikustea”.

Bestalde, Borja Rodríguezek nabarmendu duenez, “Ortubiko baratzeen inaugurazioari esker, “Vitoria-Gasteiz Hobetuz” programa parte-hartzailean beste aurrerapauso bat eman dugu. Herritarren ekimen horrek 303 boto jaso zituen eta hirirako beste baliabide bat bultzatzea ahalbidetu du. Horren bidez, Zabalganako bizilagunek nekazaritza ekologikoarekin lotutako esperientziak partekatzeko aukera izango dute”.

Komunitate-kudeaketako udal-baratzeak

Ortubik bat egin du komunitate-kudeaketako udal-baratzeen sarearekin. Honako hauek osatzen dute gaur egun sarea: Zabalortuk kudeatutako Zabalganako baratzeak; Ekoburuzek kudeatutako Lakuakoak, eta Basalburuk kudeatutako Salburuko Baso Jangarria.

2014an, Zabalgana auzoko bizilagunen ekimenak herritarren eta Udalaren arteko lankidetza oinarri zuen Udalaren hiri baratzeen eredu berri bat sortzea bultzatu zuen. Eredu haren arabera, Udalak lehiaketa bidez esleitzen du hiriko baratzezaintza lantzeko egokitutako gune publiko bat erabili ahal izateko baimena. Bestalde, erabiltzeko baimena ematen zaion herritarren elkarteak gunea kudeatzeko ardura hartzen du bere gain eta gunea honako hauekin lotutako jardueretarako bideratu behar du: baratzezaintza ekologikoa eta bizilagunen topaketarekin eta auzoaren komunitate-garapenarekin lotutako beste jarduera batzuk.

Baratze horiek, Eraztun Berdekoak bezalaxe, Gasteizko Udalaren Hiri Baratzeen Erabilera Arautzeko Udal Ordenantzak zuzentzen ditu eta horietan hiriko baratzezaintza ekologikoa lantzen dute.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala