Vitoria-Gasteizko zenbait udal eraikin energia-eraginkortasunaren ikuspuntutik nola hobetu aztertuko du CEAk
Vitoria-Gasteizko Udalak zenbait udal eraikinen energia-ziurtapena sustatuko du, eta horietan eraginkortasuna lortzeko proposamenak eta hobekuntzak landuko, klima-aldaketaren kontra borrokatzeko estrategiaren barruan. Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren Kontseilu Zuzentzaileak urriaren 4an onetsi zuen lan horiek kontratatzeko agiria, 50.000 euroko aurrekontuarekin. Hiru eraikin hauek aztertzeko eskaintzak eskatuko dira; Hegoalde gizarte etxea, Mendizorrotzeko frontoiak eta Agirrelandako Udaltzaingoaren egoitza; gainera, beste bi eraikin aztertu ahalko dute aukeran: suhiltzaileen etxea eta Oreitiasoloko udal pabilioiak. Eraikin bakoitzeko hilabeteko epea aurreikusi da, beraz, gauzatzeko epea bi eta bost hilabete artekoa izango da, hautatzen den eskaintzak barne hartzen duen eraikin kopuruaren arabera.
Proiektuak helburu hauek ditu: zenbait udal eraikinen energia-ziurtapena egitea, horiek erregistratzea, energia-hobekuntzarako proposamenak egitea, eraikinen zein hobekuntza-proposamenen energia-modelizazioa, eta proiektu teknikoak idaztea, energia-eraginkortasunarekin eta eraikin horien autokontsumorako energia berriztagarria sortzearekin lotutako esku-hartzeak gerora lehiaketara ateratzeko. Arlo horretan aurrerapausoak emateko sortu zen sailarteko mahaian landu da dosierra, eta udalaren beste zerbitzu batzuekiko lankidetzan, hala nola Arkitektura Zerbitzua eta Udal Eraikinetako Mantentze Zerbitzua. Udalak klima-aldaketaren kontrako borrokari dagokionez hartutako konpromisoak betetzeaz gain, udalaren ondare eraikian kontserbatzeko, energia aldetik berritzeko, irisgarritasuna hobetzeko eta energia berriztagarriak sartzeko egin beharreko jarduerak planifikatu, lehenetsi eta balioesteko lehen urratsa egin nahi da ekimen honen bidez.
Zerrendako eraikinetako bakoitzean lan hauek egingo dira:
- Inguratzailearen analisi termikoa, inguratzaile termiko osoaren termografien bitartez, berokuntzarik ez duten espazioekiko itxitura guztiak barne. Orobat, transmisio-faktoreen saiakuntzak egingo dira itxitura mota guztietan, hau da, itxitura mota bakoitzeko puntu esanguratsu baten saiakuntza bat egingo da gutxienez, fatxadak, estalkiak, berokuntzarik ez duten espazioen gaineko forjatuak, zolatak eta abar barne.
- Eraikinen energia-ziurtapena lantzea, eta hori erregistratzeko eta kalifikazio-etiketa lortzeko izapideak egitea.
- Energia-hobekuntzak egiteko eta energia berriztagarriak baliatzeko proposamenak. Eraikinaren oraingo egoeraren eta proposamenak -zenbait konbinazio- kontuan hartzen dituen emaitzaren energia-modelizazioa ere sartuko da.
- Eraikin bakoitzean esku har daitekeen alderdiei buruzko hobekuntza-proposamenak: inguratzailea, sektoretan banatzea, instalazioak, energia berriztagarriak, kudeaketa, etab. Energia berriztagarriei dagokienez, hasteko, eraikinaren estalkian zenbat leku hartu behar den aztertuko da eta, kasua bada, igerilekuko ura eguzki-energia termikoaz berotzea. Gainera, estalkian erabilgarri geratzen den gainerako zatia autokontsumorako eguzki-instalazio fotovoltaikoa erabiltzea aztertuko da.
- Eraikinen modelizazio eta simulazio zehatza eta osoa (geometria, erabilerak, inguratzailea, instalazioak, argiztapena), oraingo egoera eta proposamen berriak islatuta.