Vitoria-Gasteizko Ura Aurrezteko Plan Integrala aurkeztu da
Joan den uztailaren 12an Vitoria-Gasteizko Ura Aurrezteko Plan Integrala aurkeztu zuten Salburuako parkean, urtero legez eta usadioari jarraituz Udalak egiten duen uren bisitaren testuinguruan.
Plan hau, hiriak 21 Agendaren bitartez natur baliabideen erabilera jasangarria erdiesteko bidea jorratzeko hartu duen konpromisoaren ondorioz sortu da. Urari dagokionez, xede hau lortzeko, Gasteizko Udal Urak, S.A. enpresak (AMVISA) aipatu Plana prestatzeko lehiaketa bat antolatu zuen.
Plana idazteko lanak Grupo de Estudios y Alternativas GEA21 S.L.k hartu ditu 2002ko lehen sei hilabeteetan, Bakeaz eta Ecología y Desarrollo Fundazioarekin elkarlanean eta AMVISAren eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren zuzendaritzapean. Era berean, Planaren prestaketan Ingurumen Kontseilu Sektorialak, Uraren Lan Taldearen bitartez, eginkizun nabarmena izan du. Bestalde, Caja Vital Fundazioak ikerketaren finantzaketaren % 50 eman du.
Diagnostikoa
Planaren lehen atalak Vitoria-Gasteiko ur horniketak egun duen egoeraren diagnostikoa egiten du.
Vitoria-Gasteizek 2001. urtean zehar gutxi gora-behera 21,5 milioi metro kubiko ur kontsumitu ditu, eta horretarako banaketa sareetara 25,2 milioi metro kubiko bideratu behar izan dira, sarearen errendimendua ehuneko 85 ingurukoa izan delarik. Sarera zuzendutako ura kontuan hartuz, urteko batezbesteko kontsumoa 313 litro biztanleko eta egunekoa izan dela ondoriozta daiteke. Banaketa sarearen errendimendu on honek biztanleko eta eguneko hornidura gordina ehuneko 32an gutxitzea ahalbidetu du 1983tik.
Sektorez sektore, kontsumorik handiena etxebizitzetan gauzatzen da, erabilitako uraren ehuneko 51 horietan kontsumitzen baita. Industri eta merkataritza sektoreetan kontsumoa ehuneko 25era iristen da, eta gainerako ehuneko 24 erakundeetako sektoreari dagokio. Sektorekako kontsumoak azken 10 urteetan izandako eboluzioak adierazten duenez, kontsumoa indartsu hazi da etxebizitzetako eta erakundeetako sektoreetan, eta apalago industri eta merkataritza sektoreetan. Beraz, datu hauek islatzen dutenez, sarearen kontserbazio egoera oso ona da eta, bestetik, biztanleen gehienek (% 89,3) jarrera arduratsua erakusten dute beren etxeetan, urtero 100 metro kubiko ur baino gutxiago gastatzen baitute.
Hortaz, banaketa sarearen hobekuntzaren eraginez lor daitezkeen aurrezpenak ia ahiturik daudela kontuan hartzen badugu, kontsumoaren hazkundearen moteltze eta gelditzea soilik eskariaren kudeaketarako neurrien bidez egin daitekeela ondoriozta daiteke.
Vitoria-Gasteizko UAPIaren helburuak
Vitoria-Gasteizko UAPIaren helburu nagusia, hiriko esparruan bere banaketa eta kontsumoan inplikaturik dauden eragile desberdinen artean uraren aurreztea sustatzea da. Helburu hau erdiesteko, esku-hartze programen (programa operatiboen) sorta bat prestatu da, ondoko xede espezifikoak betetzeko:
- altako ur sarreraren bolumena urteko 25 Hm3 azpitik mantentzea.
- etxebizitzetako eskariaren hazkundea apaltzea.
- industri eta merkataritza sektoreko egungo kontsumoa egonkortzea.
- erakundeetako sektoreko egungo kontsumoak murriztea.
- sarearen errendimendua azken hiru urteetako mailan (%82-85) mantentzea.
- industri prozesuetan, kaleetako garbiketan eta lorategien ureztatzean erabiltzen den edateko ura, leheneratutako edo erabili gabeko urekin ordezkatu.
Vitoria-Gasteizko UAPIaren diseinu operatiboa
Vitoria-Gasteizko UAPIa Eskariaren Kudeaketarako Planen metodologia jarraituz egituratu da, eta bere diseinu operatiboan azpiegiturei, uraren borondatezko aurrezpenari, eraginkortasunari, ordezkapenari eta kudeaketari loturiko neurri edo proposamenak biltzen dituzten 12 programa prestatu dira. Programa hauen jomuga biztanleen multzoa zein erabiltzaile sektore desberdinak dira. UAPIa gauzatzeko aurreikusi den denbora tartea bost urtekoa da. Tarte honetan aurreikusi den inbertsioa 1.200.000 €-koa (200 milioi pezeta ingurukoa) da.