Vitoria-Gasteizko udalerriko nekazaritza lurren karakterizazio agrologikoa egin du CEAk
Nekazaritza lurren hiritartzea mehatxu bihurtu da etorkizunean elikagai nahikoa sortzeko. Hori esan du FAOk: uste du luraldearen okupazioa eta lurzoruen zigilatzea mehatxurik handienak direla baliabide horretarako Europan eta Asian. Gure ingurune hurbila ez dago errealitate horretatik urruti; izan ere, landa lurrek EAEko lurralde eta hiri plangintzan bete duten zeregina gehienetan hirien eskariak betetzera zuzendutako jardueren euskarri fisikoa izatea izan baita.
Baliabide baliotsu hori kontuan hartuko duten lurralde politika zuzenak garatzeko, funtsezkoa da lurzoruaren ezagutza xehe eta kualifikatua izatea ikuspuntu agrologikotik. Hori da, hain zuzen, Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak ikerlan hau kontratatzearen arrazoia. Neikerrek egin du udalerriko landa lurrak haien ahalmen agrologikoen arabera sailkatzeko lan teknikoa.
Lanean jarraitu den metodologian kontuan hartutako faktoreak honakoak izan dira: sakonera erabilgarria, uholde guneak, harri kopurua, testura, urari eusteko ahalmena, materia organikoa, karbonatoen edukia eta kare aktiboaren edukia. Zenbait faktore mugatzaile ezarri dira: higadura arriskua % 10 baino malda handiagoko tokietan, 10 urteko itzulera tartea duten uholdeen arriskua eta karbonatoen edukia % 50 baino handiagoa izatea.
Ikerlanaren emaitzen arabera, udalerriko nekazaritza lurrak bi kategoriatan sailka daitezke. Lehen kategorian, zoruen emankortasuna handia da, batez ere materia organikoaren eduki handia dutelako, baina baita sakonak direlako eta urari eusteko ahalmen handia dutelako. Bi ezaugarri horiek positiboak dira labore belarkarak garatzeko, bai eta labore iraunkorretarako ere. Bestalde, karbonatoen eduki txikiagoa dutenez, labore iraunkorretan (adibidez, mahastiak eta frutarbolak) klorosi ferrikoak sortzeko aukerak txikiagoak dira. Kategoria horrek bi muga besterik ez ditu nekazaritza lanetarako, lehen esan bezala: higadura eta uholde arriskua (batez ere Zadorra ibaiaren inbguruetan).
Bigarren kategoriako lurzoruek sakonera gutxiago dute eta ur gutxiagori eusten diote eta, hortaz, muga gehiago dituzte nekazaritzako laboreak ekoizteko. Hala ere, nekazaritzarako lur egokiak dira oraindik ere, eta praktika egoki eta jasangarrien bidez epe luzean hobetu eta kontserbatu daitezke.
> Kalitate agrologikoaren maparen txostena
> Kalitate agrologikoaren mapa PDF formatuan