Vitoria-Gasteizko udalerriko lur erabileren dinamikak aztertzen dituen ereduaren lehen emaitzak aurkeztu dira
Europako Espazio Agentziaren (ESA) babespean gauzatutako proiektu honen barruan, gure hiria lurren okupazio dinamiken ereduak sortzeko saio baten kokalekua izan da. Teknika mota hauen azken xedea lurralde plangintzaren alorrean erabakiak hartzea erraztea da, Plangintza Laguntzeko Sistemak deritzenetan oinarrituz. Esperientzia hau uztailaren 14ko Ekologiaren Gelan azaldu zen.
Aplikatu den ereduak lurraldearen baldintza fisikoak eta tokian bertan zein eskualdean jada existitzen diren plangintza proposamenak hartzen ditu oinarritzat udalerrian gerta daitezkeen etorkizuneko garapenak analizatzeko. Hartara, garapen hauetako bakoitzak aurretiaz ezarritako irizpide edo helburuetara nola egokitzen den aztertu daiteke. Era berean, erabaki hartzeen ondorioz lurraldean gertatzen diren aldaketa eta eboluzio prozesuak hobeto ulertzen laguntzen dute, eztabaidak sustatzen dituzte eta plangintzan inplikatutako eragileen arteko komunikazioa errazten dute.
Proiektu honetan garatutako lanak beste bi ondoriotara eraman gaitu ingurumen informazioari dagokionez: Vitoria-gasteizko Ingurumen Informazioko Sisteman bildurik dagoen gaikako informazioa erabilera anitzekoa dela, eta oso garrantzitsua dela lurralde eta ingurumen informazioari dagokionez korporazio mailan integrazio politika sendoa garatzea.