Vitoria-Gasteizko udalerriko hego-sektoreko hezeguneei buruzko ikerketa
Vitoria-Gasteizko udalerrian dauden ekosistemen artean, ikuspegi ekologikotik hezeguneak dira baliotsuenetarikoak. Hezeguneetan komunitate biologiko aberatsak aurki daitezke. Horietako batzuk desagertzeko zorian daude. Udalerrian Salburuko hezeguneak oso ondo ikertu dira. Halere, udalerriko lurren barruan tamaina txikiagoko beste hezegune asko daude, bai naturalak bai artifizialak, kontserbazio-interes handikoak direnak. Gainera, horietako batzuk gaikako kartografietan egoki jaso gabe daude.
Hori dela eta, 2009an zehar "Vitoria-Gasteizko udalerriko biodibertsitatea ikertzeko eta jarraitzeko programa" barruan, gai horri buruzko ikerketa bat egin da. Ingurumenaren ikuspegitik, udalerriko hego-sektoreko hezegune guztiak inbentariatu, kartografiatu, karakterizatu eta baloratu dira. Guztira 90 hezegune aurkitu dira, urmael natural txikietatik hasi eta ureztatzeko baltsa handietara. Hezeguneak kontserbatzeko, kudeatzeko eta hobetzeko neurriak ere proposatzen ditu ikerketak, baita horiek leheneratzeko edo beharrezkoak diren lekuetan berriak sortzeko ere. Bigarren fase batean, udalerriko ipar-sektoreko hezeguneak aztertuz osatuko da horiei buruzko ikerketa.