Vitoria-Gasteizko Udaleko ordezkaritza bat Nantes hirian irailean egin zen 'Climate Chance' ekitaldian egon zen
Irailaren bukaeran Gasteizko Udaleko ordezkaritza bat, Gorka Urtaran alkatea buru zuela, Nanteseko Climate Chance biltzarrean izan zen, zeinean 1.500 pertsona inguru -lider politikoak eta ingurumenaren alorreko adituak- elkartu baitziren. Nazioarteko biltzar horren helburua zen partekatzea Parisko COP21 biltzarrean Klima Aldaketaren kontra zehaztutako helburuak bideratzen eta sendotzen laguntzeko toki-administrazioek egindako lana.
Udal taldeak Nanteseko garraio publikoko eta berdeguneak kudeatzeko politikak ezagutzeko bilera teknikoak egiteko baliatu zuten aukera. Gorka Urtaran alkatearekin batera, Ingurumeneko zinegotzi Iñaki Prusilla, Ingurumeneko zuzendari Ainhoa Etxeandia, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko arduradun Luis Andrés Orive eta TUVISAko kudeatzaile Marijo Ajuriaguerra izan ziren biltzarrean. Bisita teknikoa egin zuten Nanteseko nazioarteko harremanetako zuzendari Xavier Barès eta hiri horretako mugikortasun zinegotzi Thomas Queirorekin.
Gasteizko ordezkariek betatik bertara egiaztatu ahal izan zuten BRTaren ezarpena erabateko arrakasta izan dela. Nantes Gasteizen antzekoa da tamainan; sistema hori duela hamarkada bat ezarri zuen, eta 35.000 erabiltzaile ditu egunean. Autobus azkarraren arrakasta hain handia izanik, Nantesek apostu handinahia egin du zabaltzeko, ibilgailu luzeagoak eta guztiz elektrikoak baliatuz; horrek geroko eskaerari kalitateko erantzuna ematea ahalbidetuko du. Orain arte, gasez hornitutako autobusak erabiltzen ziren, 18 metrokoak; unitate berriak, aldiz, 24 metrokoak izango dira, eta elektrikoak. Une honetan, Nantesek 7 kilometroko linea du, hiria iparraldetik hegoalderantz zeharkazten duena. Gasteizen, berriz, linea periferikoan baliatu nahi da sistema, 10 kilometrotan, hiriaren erdialdea inguratuz. Beraz, antzekoak lirateke lineak. Gasteizko ordezkaritzak, orobat, autobus azkarrak eskaintzen duen intermodalitatea eta beste garraiobide batzuekin (tranbian eta hiri autobusak, bereziki) konektatzeko erraztasuna nabarmendu zituen, eta horrek are erakargarriago egiten du.
Nanteseko Udaleko ordezkariek, bestetik, Gasteizko mugikortasun ereduaren berri zabalagoa jakin nahi izan zuten. Batez ere, azken urteetan Arabako hiriburuan bizikletaren erabilerak izan duen hazkundearen berri. Izan ere, bizikletaren erabilera % 6koa da Nantesen, eta % 12ra (Gasteizek orain duen portzentajea) iristea lortu nahi dute 2029rako.
Berdeguneen kudeaketari dagokionez, Gasteizko taldeak Nanteseko lorategi botanikoa ezagutzeko parada izan zuen. Urtean 2 milioi bisita ditu lorategiak, eta kultur eta aisialdi jardueraren epizentroa bihurtu da. European Green Capital izendatutako horretan mantentze-eredua Gasteizkoaren oso antzekoa dela egiaztatu zuten, hau da, alderdi batzuk naturalizatuta daude, beste batzuk ez dira ureztatzen, eta beste zenbait gehiago mantentzen dira. Azkenik, hiriko txorkoetan loreak landatzea sustatzeko proiektu interesgarria ezagutu ahal izan zuten.