Vitoria-Gasteizko Udalbatzak erakunde adierazpen bat egin du eskolarako mugikortasun aktibo eta autonomoa bultzatzeko
Gasteizko Udalbatzak erakunde adierazpen bat egin zuen, 2014ko urriaren 31n, ekimen horren garrantzia nabarmenduz. Ekimenaren xedea da, alde batetik, lantokira eta ikastetxeetara automobilez egiten diren gehiegizko desplazamenduak murriztea, hori baita hiriak mugikortasun jasangarriaren alorrean eta jarduera fisikoaren sustapenaren eremuan duen erronka nagusietako bat; eta bestetik, haurrek espazio publikoan askatasunez eta helduen gainbegiradarik gabe ibiltzea mugatzen duten hesiak murriztea, bai kulturalak (umeen gehiegizko babesa, haur autonomia txikia, herri segurtasunari eta bide segurtasunari lotuta somatzen den gehiegizko arriskua) bai espazio publikoaren diseinuarenak.
Erakunde adierazpenean Udalbatzak zera adostu zuen:
- Eredu berri bat sortzea espazio publikoan, haurrek kalea berreskura dezaten eta hiritik modu autonomoan, oinez zein bizikletaz, helduen zaintzarik gabe ibil daitezen errazteko.
- Udalaren baliabide teknikoak proiektu horren esku ipintzea, Eskolako Agenda 21aren markoan, haurren mugikortasun autonomo eta aktiboa sustatzeko.
- Eskolara oinez edo bizikletaz joan nahi duten ikasleek kalean aurkitzen dituzten oztopoak eta mugak kentzeko konponbideak sortzea, Vitoria-Gasteizko ikastetxeekin elkarlanean.